Euskal Pilotaren Nazioen Liga Euskadira itzuliko da azaroan

Euskal Pilotaren Nazioen Liga Euskadira itzuliko da azaroan

Mundu osoko kirolariak Euskal Pilotako hamaika jokamoldetan arituko dira Barakaldo eta Miribillako pilotalekuetan azaroaren 23tik 30era ospatuko den Nazioen Ligaren ekitaldi berri batean

Bilbo eta Barakaldoko pilotalekuek Euskal Pilotako Nazioen Ligaren ekitaldi berri bat hartuko dute azaroaren 23tik 30era bitartean. Bertan, ezker paretako modalitate guztietan arituko dira mundu osoko pilotariak, zenbait berrikuntzarekin. Zesta-puntako partidak Barakaldon jokatuko dira eta Miribillako Bizkaia pilotalekuak hartuko ditu gainontzeko partida eta modalitateak.

Gizonezkoen mailan, paleta larruz, pala motzean, pilota egokituan, eskuz banaka eta binaka eta zesta-puntan buruz buru arituko dira pilotariak eta emakumezkoetan, aldiz, zesta-puntan banaka eta eskuz lau eta erdian eta binaka lehiatuko dira.

Berrikuntza bezala, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak bi jokamolde berri sartu ditu Nazioen Ligako egutegian; pilota egokitua eta emakumeen banakako lau eta erdiko jokamoldea, euskal pilota ere gero eta kirol inklusiboagoa bihurtzeko asmoarekin.

Erakundeetako ordezkariek ilusioz hartu dute pilotazale bizkaitarrak aseko dituen txapelketa honen ekitaldi berri hau. Jose Mari Mitxelena, Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak, bere aldetik, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa eskertu nahi izan du, Euskal Selekzioa kide bezala onartzeagatik eta nazioarte mailan lehiatzeko aukera eman izanagatik. “Hainbeste urteetako lanaren ostean, ametsa egi bihurtu da, pilota airean dago eta orain pilotari eta pilotazaleek aukera paregabea izango dute herri honek kirol honi dion maitasuna mundu osora zabaltzeko. Erreferentziazko txapelketa bat izango dugu gure artean, mundu osoan gure herria, gure kirola, gure selekzioa eta gure antolatzeko erak ezagutu ditzaten”.

Kirol erronka

Baina munduan zehar euskal pilotan aritzen diren kirolarien elkargune paregabea izateaz harago, Bilbo eta Barakaldon ospatuko den Euskal Pilotaren Nazioen Liga hau lehen mailako kirol erronka bat ere izango da Euskal Selekzioarentzat.

Selekzioak protagonista izateko beste aukera eder bat izango du, non eta etxean. Jakina da ezker paretan eta 36 metrotan Euskal Pilota Selekzioak sekulako maila duela, baina hori guztia kantxan erakutsi beharko dute pilotariek, erantzukizun handiko lehian. Izan ere, Liga honetan Argentinako Venado Tuertoko 2026ko Munduko txapelketarako sailkapenak egongo baitira jokoan.

Euskal erakundeetako ordezkariek ere ilusioz bezala arduraz hartu dute Bilbon eta Barakaldon ospatuko den lehen mailako kirol ekitaldi honen antolakuntza.