- Sara Buesa Inklusio zuzendariak Eusko Jaurlaritzaren sektore arteko arretari eta atentzio pertsonalizatuari buruzko esperientzia pilotua azalduko du Madrilen ere bai, azaroaren 26an
- Bi foro horietan parte hartzeak inklusiorako euskal eredua erreferente bilakatzen du beste erkidego batzuentzat ekitatera eta gizarte kohesiora bideratutako politika publikoen diseinuan
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak inklusiorako eta laneratzeko ibilbide mistoen eredua aurkeztuko du bihar, asteazkena, Bartzelonan, Bartzelonako Aldundiak berrikuntza sozialari buruz antolatutako topaketa batean. Ibilbide horien helburua da bazterkeriari heltzea, laguntza prozesu pertsonalizatuen, eta sistema publikoen eta hirugarren sektorearen arteko koordinazioaren bidez.
Inklusio zuzendari Sara Buesak azalduko du esperientzia pilotu hori Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Berrikuntza Mintegiaren esparru hitzaldian. Foro hori Bartzelonako Aldundiko Iraunkortasun Sozialaren, Bizi Zikloaren eta Komunitatearen Arloak sustatu du, eta haren helburua da gogoeta egitea zerbitzuek nola egokitu ditzaketen euren arreta ereduak gizarte premiei hobeto erantzuteko, eta ibilbideak diseinatzeko eta koordinatzeko modu berriak aztertzeko.
Buesa, halaber, azaroaren 26an Madrilera joango da, Enplegu eta Ekintzailetza Inklusiboen XIII. Forora, ibilbide misto horiek aurkeztera, euskal eredua aitzindaria baita bazterkeriari aurre egiteko enplegua eta gizarte arreta integratzen. Bi foro horietan parte hartzeak Eusko Jaurlaritzaren eredua sendotzen du, ekitatera eta gizarte kohesiora bideratutako politika publikoen diseinuan erreferente gisa.
Izan ere, bazterkeria arriskuan dauden pertsonei gizarteratzeko eta laneratzeko eskubidea bermatzeko, lantalde profesional integratuak sortzea ari da bultzatzen Inklusio Zuzendaritza, Ongizate Estatuko hainbat sistematatik modu koordinatuan lan egiteko; hala nola, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikotik eta gizarte, osasun eta hezkuntza zerbitzuetatik.
Ibilbide mistoen proposamen horrek paradigma aldaketa bat dakar bazterkeriaren arretari dagokionez, laneratzea eta inklusioa zailtzen dituzten mugak gainditzea ahalbidetuko duen eskuhartze intentsibo eta interserktorialaren aldeko apustua eginez. Bartzelonako Aldundiak sustatutako berrikuntza guneak ezagutza kolektiboa sortzeko eta eredu inklusiboagoak eta iraunkorragoak lortzeko aukera dira.
Aurkezpen horiekin, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak berretsi egiten du gizarte berrikuntzarekin eta inklusiorako eta laneratzeko eskubidearen bermearekin duen konpromisoa.
