Azaroaren 12an, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egin zen Endokrinologia eta Nutrizioaren gaineko Eguneraketari buruzko I. jardunaldia, zeina bertako zerbitzuak eta Biobizkaia erakundeko Endokrinologia eta Nutrizioa ikertzeko taldeak antolatu baitute, EHU, CIBERER, Endo-ERN eta AMICHEN erakundeekin lankidetzan. Endokrinologiari eta nutrizioari lotutako patologiei diziplina anitzetatik heltzeko prozesuan inplikatuta dauden espezialitateetako profesionalak eta lehen mailako arretakoak bildu dira ekitaldian.
Nuria Valdés zerbitzuburuak koordinatu du jardunaldia, zeina Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ekitaldi-aretoan egin baita eta zeinetan parte-hartze aktiboa izan baitute fakultatiboek nahiz erizainek, bai espezialistek, bai prestakuntzan daudenek.
Programa zientifikoak praktika klinikoa izan du ardatz, eta bost gai-bloketan egituratu da Endokrinologia eta Nutrizioari lotutako gaur egungo erronka nagusiak jorratzeko:
- Diabetesa: Besteak beste, gai hauek jorratu dira: doitasun-medikuntza, glukosa-sentsoreak, lehen mailako arretako intsulinizazioa eta haurdunaldiko diabetesaren maneiua.
- Obesitatea: Lehen mailako arretan gaixotasunari heltzeko modua azaldu da, bai eta ezarritako deribazio-irizpideak eta aukera terapeutikoak ere.
- Desnutrizioa eta sarkopenia: Tresna praktikoak eskaini dira adinekoei gaixotasun horiek antzemateko eta tratatzeko.
- Tiroidea eta lipidoak: Besteak beste, dislipemian A lipoproteinak duen zeregin emergentea eta nodulu tiroideoaren maneiua jorratu dira.
- Laborategia-endokrinoa-lehen mailako arreta: Diagnostikoa arin egiteko proposamenak aurkeztu dira, eta laguntza-mailen arteko koordinazioaren bidez arreta hobetzeko aukera jorratu dute.
Hizlariak eta parte-hartzaileak solasean aritzeko tarteak ere egon dira, arreta endokrinologikoari lotutako esperientziak trukatzeko eta hobekuntzak proposatzeko.
Harrera bikaina izan du, eta lehen edizio honetan agerian geratu da garrantzitsua dela etengabeko prestakuntza ematea eta askotariko asistentzia-mailak lankidetzan aritzea, endokrinologiari eta nutrizioari lotutako patologiak dituzten pazienteei ematen zaien arreta hobetze aldera.
