Ingurumenak kontzertu bat antolatu du azaroaren 27an Zentral aretoan Motxila21, Alejo eta Pedro Razquinekin, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen barruan

Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak, Orekan erakundearen eskutik, kontzertu berezi bat antolatu du azaroaren 27rako, Iruñeko Zentral aretoan. Sarrerak gailu elektriko edo eletroniko bat entregatzearen truke soilik eskuratu ahal izango dira, hala nola, mugikorrak, tabletak, txigorgailuak, plantxak, erloju elektrikoak, bizarra mozteko makina elektrikoak, baskulak, etab.

Hain zuzen ere, Hondakinen Prebentziorako Europako Astean kokatzen da jarduera; azaroaren 22an hasiko da, eta aurten arreta AEEHei (Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinak) eskainiko zaie arreta. Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilariak asteazken honetan eman du horren berri, Eva Sevigné Orekaneko ekonomia zirkularreko espezialistak eta kontzertuan arituko diren musikariek lagunduta: Alejo, Pedro Razquin eta Motxila 21. Ordezkari gisa Aintzane Lizarraga eta Teo Lazaro izan dira.

Landa Garapeneko kontseilariak adierazi duen moduan, “era horretako aparatuek ingurumenean duten eraginaz jabetu behar dugu, eta, zentzu horretan, berrerabiltzeak edo konpontzeak lehen aukera izan behar du beti”.

Konpontzea ezinezkoa bada, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak baimendutako kudeatzaileetan utzi behar dira; hala nola, Nafarroa osoan banatutako garbiguneetan eta toki-erakundeek etxez etxe jasotzeko jarritako zerbitzuetan edota banatzaileek tresna zaharrak jasotzeko jartzen dituzten zerbitzuen bidez.

Aierdi kontseilariak deia egin du; izan ere, “horixe da ondoren behar bezala maneiatzea bermatzen duen modu bakarra, ingurumena ez kutsatzeko eta horien lehengaiak berrerabili ahal izateko, batzuk oso urriak baitira”.

Bestalde, Eva Sevignék adierazi du herritarren zati handi batek ez dituela mugikorrak bezalako  gailuak birziklatzen, horietan gera daitekeen informazioa nola kudeatzen den ez dakitelako, baina, haren ustez, “beldur hori alde batera utzi behar da, informazio guztia modu seguruan eta ziurtatuan ezabatzen baita birziklatzeko kanal ofizialetan”.

Halaber, musikariek nabarmendu dute garrantzitsua dela ekimen honekin bat egitea eta era horretako tresnak birziklatzea.  Aintzanek, Motxila 21 taldeko kideak, aipatu duen moduan, “herritar guztiei gogorarazi nahi diegu garrantzitsua dela hondakin elektronikoak birziklatzea, gure ama lurraz gozatu nahi dugu eta”. Horregatik, “etxean erabili  ezin diren aparatuak badituzu, eraman garbiguneetara”, adierazi du. Gainera, Alejok honela nabarmendu du: “dena erabili eta botatzekoa den mundu batean bizi gara, eta dena oso azkarra da. Musika ez da erabili eta botatzeko zerbait, eta, beraz, oso polita da musika ekimen honen motor nagusia izatea”. Pedro Razkin ere bat etorri da horrekin: “bat egin behar da ekimenarekin. Dena kontzientziazio ekologikoa bada, horrekin bat egin behar da”.

Kontzerturako sarrera bat erosi nahi dutenek ez dute kreditu-txartelarekin edo diru-zorroarekin Zentraleko txarteldegira joan beharko. Azaroaren 14tik (ostirala) aurrera, trukatu ahal izango dute sarrera AEEHak horretarako gaitutako edozein kokapenetara eramanda: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua (Gonzalez Tablas kaleko 9an) edo Orekanen egoitza (Adoain Aita kaleko 219ko behean), goizez bi bulegoetan; Eroski hipermerkatuaren, E.Leclerc hipermerkatuaren eta Burlatako Kultur Etxearen ondoan dauden hiru garbiguneetan, goiz eta arratsaldez; eta Zentralen txarteldegian, Merkatu kaleko 79tik sartuta, kontzertuaren egun berean eta arratsaldez, 17:30etik aurrera. Kaioletan utzi ahal izango diren hondakinen tamaina handiena, gutxi gorabehera, 50 cm-koa da; hots, erosketa-poltsa batean sar dezakeguna: mugikorrak, tabletak, GPSak, telefonoak, routerrak, txigorgailuak, egosgailu elektrikoak, plantxak, erloju elektrikoak, bizarra mozteko makina elektrikoak, baskulak, kalkulagailuak, irratiak, bideokamerak, etab. Behin utzitako AEEHak jasota, baimendutako kudeatzaileak arduratuko dira horiek behar bezala tratatzeaz.

Familia-tailerrak 

Kontzertua “Nitaz gogoratzen zara?” kanpainaren barruan kokatzen da, Orekanek diseinatua Hondakinen Prebentziorako Europako Asterako. Era horretan, “AEEH, erronka onartzen al duzu?” familia-tailerren bi saio antolatu dira, eta azaroaren 23an, igandean, egingo dira Civivox Condestablen.

Proposamen ludiko eta hezitzailea da, eta antzara-joko klasikoan oinarritutako formatu handiko jolasaren bidez egingo da. Parte hartzen duten familiek AEEHak zer diren jakiteaz gain, horren inpaktuari buruz hausnartu eta murrizteko ekintzak proposatuko dituzte.

Saioak doakoak izango dira, eta aldez aurretik izena eman beharko da. 12:00etan eta 17:30ean izango dira. Parte hartzeko, izena eman behar da prestatutako formularioaren bidez edo  opr@navarra.es helbidera idatzita.

Kanpaina azaroaren 17an hasiko da Sare Sozialetan, komunikabideetan eta markesinetan. Horietan QR kode bat jarriko da, eta OPRECen web gunera zuzenduko ditu. Bertan, kontzertuari eta tailerrei buruzko informazioa emateaz gain, horrelako hondakinak behar bezala kudeatzeko modua azalduko da, herritarrek horren inguruan dituzten zalantza ohikoenak argitzeko.

Azaroaren 21ean, OPRECek (Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularrerako Bulegoa), Hondakinen Prebentziorako Astearen eskualdeko koordinatzaileak eta hori osatzen duten erakunde ezberdinek (Ingurumena, Nafarroako Hondakinen Partzuergoa, MCP, Orekan, NUKF eta CEN) abian jarritako jarduera guztien berri emango da.

4.300 tona AEEH urtean Nafarroan 

Urtean, Nafarroan, aparatu elektrikoen eta elektronikoen 4.300 tona hondakin inguru biltzen dira, eta horietatik %85 baino gehiago etxean sortzen da. Zehazki, 2024an, 993 tona utzi ziren Foru Komunitatean zehar banatutako 104 garbigunetan eta beste 759 tona jaso ziren etxeetan eskariaren arabera egindako bilketa-zerbitzuan. Alegia, etxeko AEEH horien %47 garbiguneetan eta atez ate jasotzen dira; %34, berriz, banatzaile profesionalek jasotzen dute eta beste %20 aparatuen ekoizleek ezarritako kudeatzaileen eta sareen bidez jasotzen da.

Jakin behar da hondakin horiek ez direla txatarra eta, batetik, osagai arriskutsuak dituztela (metal astunak, zirkuitu integratuak edo deskarga-lanparak) eta, bestetik, ohiko txatarretik bereizita birziklatu behar diren lehengai kritikoak (iturriak, esekitokiak, profil metalikoak, etab.). Hori dela-eta, bilketa espezifikoa behar dute baimendutako zentroetan.

Lehengai kritikoak ezinbestekoak dira Europako trantsizio energetiko eta digitalerako, eskasak eta erauzteko zailak baitira, eta erauzteko lekuak Europar Batasunetik kanpo baitaude. Beraz, ia erabateko mendekotasuna sortzen da. Hala eta guztiz ere, uste da Europan urtero produktu elektronikoetan jasotako lehengai kritikoen milioi 1 tona botatzen dela.

Ideia bat egiteko, telefono mugikor batek 70 material ezberdin baino  gehiago ditu; hots, aluminioa edo kobrea bezalako metal arruntetatik hasi eta litioa, kobaltoa edo neodimioa bezalako hain ohikoak ez diren mineraletaraino. Esate baterako, ukipen-pantailak indio-eztainu oxidoa erabiltzen du, ukipen-interakziorako funtsezko eroale gardena. Bateriak, berriz, litioa, kobaltoa, nikela eta grafitoa ditu, energia biltegiratzeko funtsezkoak. Zirkuituek eta prozesadoreek metalak behar dituzte, hots, kobrea, silizioa, eztainua, urrea, zilarra eta tantalioa, eroapen elektrikorako gakoak direnak. Bozgorailuek eta bibrazio-sistemek lur arraroen imanak dituzte, tartean, neodimioa eta disprosioa. Azkenik, karkasa aluminio edo altzairu herdoilgaitzez egin ohi da, erresistentzia eta iraunkortasuna emateko kromo ta nikel trazekin.

Hori guztia dela-eta, AEEHak behar bezala kudeatzea ez da ingurumen-kontua soilik, baizik eta palanka estrategikoa ere bai, funtsezko materialen hornidura bermatzeko, baliabide naturalen gaineko presioa murrizteko eta ekonomia erresilienteagoa eraikitzeko. Europak aukera paregabea du aurrean: gaurko hondakinak biharko baliabide bihurtzea.