Bilboko Ertzain-etxeko Ondarearen Arloko Delitu Informatikoen Atalak 4.988,29 euroko iruzur bat blokeatu du. Iruzurgileek, telefono-dei baten bidez, biktimaren banketxeko segurtasun-zerbitzutzat aurkeztu zuten beren burua, eta, horrela, biktimaren datuak lortu zituzten dirua beren kontuetara transferitzeko. Diruaren zilegizko jabeak datozen egunotan berreskuratuko du.
Joan den urriaren 21ean, espainiar nazionalitateko 67 urteko bilbotar bati zenbaki ezkutu batetik deitu zioten telefono mugikorrera, bere banketxeko segurtasun-zerbitzua zela esanez. Jarraian, bere kontuarekin segurtasun-arazo bat zegoela azaldu zioten, eta arazoa zuzentzeko jarraitu beharreko urratsak adierazi zizkioten. Modu horretan, iruzurgileek dirua beren kontuetara transferitzeko behar zituzten datuak lortu zituzten.
Gizona ez zen lasai geratu, eta banketxearen bulego batera joan zen. Bertan, zer gertatu zitzaion azaldu ondoren, iruzur baten biktima izan zela adierazi zioten. Berehala salaketa jarri zuen Ertzaintzan, eta, horri esker, ikertzaileek dirua blokeatzeko mekanismoak aktibatu ahal izan zituzten, modu horretan dirua iruzurgileen helmugako kontuetara iristea eragozteko edo horietatik ateratzeko. Horrela, datozen egunotan itzuliko zaio biktimari iruzurrez kendutako dirua.
Ertzaintzak herritarrei aholkatzen die horrelako egoeren aurrean beren banketxearekin harremanetan jartzeko arazoa egiazkoa den ziurtatzeko. Horrez gainera, gomendatzen du estekak ez sakatzeko eta daturik edo gakorik ez emateko telefonoz.