Proiektuak 495.000 euroko aurrekontua du eta gauzatzeko epea 12 hilabetekoa da.
Tokiko Gobernu Batzordeak onartuko du astearte honetan Urgull mendiko landaredia hobetzeko lenen proiektuaren kontratazio espedientea. Proiektuak kontserbazio eta hobekuntza-jarduerak aurreikusten ditu, ingurumen, historia, kultura eta gizarte-alderdiak bateratzen dituztenak, garapen iraunkorra eta denboran erresilientea bermatuz. Proiektu honetan planteatzen diren hobekuntza-jarduketak Zuhaiztien Gida Planaren barruan kokatzen dira, eta, aldi berean, bat datoz «Klima Aldaketara Egokitzeko Ekintza Planarekin» (2017), «Klima 2050 Ekintza Planarekin» (2018) eta «Donostia hiriko larrialdi klimatikoaren adierazpenarekin» (2020).
Aurreikusitako jardueren artean, belardietan eta jolas-eremuetan erraboilak landatzea nabarmentzen da, biodibertsitatea handitzeko eta udaberrian paisaia koloretsuagoa eskaintzeko. Bideetan ere hobekuntzak egingo dira, kopa jasotzeko inausketak eginez, larrialdietako eta zerbitzuko ibilgailuak ondo iritsi ahal izateko, eta hutsegiteak hauteman diren eremuetan heskaiak birjartzeko, oinezkoen segurtasuna indartuz eta magaletan lurra higatzea saihestuz.
Ondarearen eremuan, harresietako landaredia arin garbituko da, gehiegizko bolumenak eta pisuak harrien egonkortasuna arriskuan jar ez dezaten. Era berean, basoberritzeak egingo dira iparraldean eta beste mendi-hegal batzuetan, espezie autoktonoak eta pinu berriak landatuz. Jarduera horietan, itsasorako eta hirirako ikuspegiak hobetuko dituzten «leihoak» irekiko dira, mendiaren paisaia-balioa indartuz.
Carlos García Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak jarduera honen garrantzia azpimarratu du: «Urgull mendia Donostiaren ikurra da, natura, historia eta kultura uztartzen dituen gunea. Proiektu honekin haren kontserbazioa bermatu eta bisitarien esperientzia hobetu nahi dugu, aldi berean iraunkortasunarekin eta klima-aldaketara egokitzearekin dugun konpromisoa indartuz. Jarduera honek gure ondare natural eta kulturala zaintzen du, eta Urgullek herritar guztien topaleku eta gozagarri izaten jarraitzea ziurtatzen du»
Lizitazioaren aurrekontua 495.754,67 eurokoa da (BEZa barne), eta gauzatzeko epea 12 hilabetekoa izango da, zuinketa-aktatik aurrera.
