Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak alerta-sistema aitzindari bat aurkeztu du gaur, astelehena, uholdeak aurreikusteko eta larrialdiko jarduerak errazteko, hiriguneak eta herritarrak babesteko, aldez aurretik jakinda nola jokatuko duten gainezkatzeek edo euriteek.
Alerta Goiztiarreko Sistemak (SAT) tresna informatiko bat du, eta tresna horrek automatikoki jasotzen ditu kontrol-bisore bakar batean Nafarroako geografia osoko ibai-ibilguetan banatuta dauden 170 euri-neurgailu eta 81 neurketa-estazioetako datuak. Modu horretan, uholde-arriskuen aurrean informazio zehatza lortzeko aukera ematen du denbora errealean, eta uholdeetan aurreikusitako portaera eta bilakaerari hainbat ordu aurretik aurre hartu dakieke, biztanleria prebenitzeko edo kalteak murrizteko.
Sistemak, gainera, barne-alerta automatikoak sortzen ditu Babes Zibilaren Jarraipeneko operatiboko langileentzat, arazoak sor ditzaketen atalase jakin batzuk gainditzen badira, emari gehiegi eramateagatik edo uholde- prezipitazioengatik, DANAren kasuan bezala, eta zuzenean larrialdien kudeaketako aditu arduradunei jakinarazten dizkie, gailu mugikorretara mezu bat bidaliz.
Foru Exekutiboaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren ekimena da hau, eta LIFE NAdapta proiektuaren esparruan garatu du, Orekan sozietate publikoko uraren arloko espezialistekin batera. Gaur egun, errealitate izatera iritsi da, zortzi urteko lanaren eta 470.000 euroko kostuaren ondoren.
Tresna aitzindaria da estatuan Babes Zibileko langileei laguntzeko eta herritarrei aurretik emateko muturreko euri-jasa edo uholdeen berri, eta beste autonomia-erkidego batzuentzat erreferentzia izan daiteke. Gainera, SATen aurkezpen-jardunaldian izan dira, baita ere, Euskadiko eta Aragoiko erkidego mugakideetako talde teknikoak.
“Klima-aldaketak prebentzioan egokitzera eta berritzera behartzen gaitu”
SATen aurkezpen-jardunaldia Baluarte jauregian egin da, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria den Jose Mari Aierdik honela nabarmendu du: “klima-aldaketak eta ebidentzia zientifikoek erakusten digutenez, euri-jasa edo uholdeak bezalako muturreko gertaera klimatikoak ohikoak izaten ari dira eta gero eta ohikoagoak izango dira, eta horrek prebentzioaren arloan esku hartzeko tresnen aldetik, egokitzera eta berritzera behartzen gaitu”. Ildo horretan, “uholdeak gertatzen direnean adabakiak jarri ordez, esku-hartze planifikatuak egin behar ditugu modu prebentiboan, SAT hau bezalako tresnek emango diguten informazio xehatu eta aurreratu handia aprobetxatuz”, ohartarazi du.
Bestalde, Luis Sanz hidrologian espezialista eta Orekaneko zuzendari teknikoa da, eta honela nabarmendu du: “Nafarroan, aspalditik ari gara lanean uraren arloan, denbora errealean neurtzeko sare gehiago ezarriz eta datu horiek beste administrazio batzuekin trukatuz. Aurretiko lan hori Alerta Goiztiarreko Sistema bat ezartzeko oinarria izan da. Era berean, tresna hori “ezagutza zientifikoa larrialdiaren kudeaketaren esku jartzea da, herritarrei erantzuna eta abisua azkarrago emateko, kalteak murrizteko eta autobabesa errazteko helburuarekin. Era horretako neurriak garrantzitsuak dira, uholdeak ezin direlako saihestu, baina prebentzioa oinarrizkoa delako kalte handiak saihesteko”.
SATen aurkezpenean parte hartu du, halaber, Ana Castiella uraren arloko espezialistak, Orekaneko talde teknikoko beste kide batzuen artean, eta Klima Aldaketaren Bulegoko zuzendaria den Fernando Señasek. Orobat, bertan izan dira Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko teknikariak, tresna horren abisuak jasotzen dituzten hartzaile nagusiak (horiekin koordinatu da tresnaren garapena); Foru Komunitate osoko 50 udaletako hamabost bat alkate, udal-alerta sistema propioa dutenak eta eskualdeko SATen sartzen direnak; eta Eusko Jaurlaritzako eta Aragoiko Gobernuko arduradun teknikoak, haien komunitateetan tresna aplikatzerik baden aztertzearren.
Alerta Goiztiarreko Sistemaren funtzionamendua
Plataformak aukera ematen du datu meteorologikoak eta hidrologikoak denbora errealean integratzeko eta aztertzeko urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan. Guztira, 170 euri-neurgailu eta 81 neurketa-estaziotako datuak prozesatzen dira, informazio-iturri desberdinetakoak: Nafarroako Gobernua, AEMET, Ebroko SAIH, Kantauriko SAIH, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Arabako Foru Aldundia. Beraz, informazio hori guztia bisore bakar batean bilduta, ez dago atari askotara joan beharrik kontsulta egiteko, tresna garatu aurretik gertatzen zen bezala.
Plataformak denbora errealean segimendua egiteko eta monitorizatzeko ahalmen aurreratuak ditu; horrela, aparteko gertakariak detekta daitezke eta geografiaren zein zatitan eragina izango duen eta noiz gertatuko den jakin. Arroaren mailan behatutako eta aurreikusitako euria kontuan hartuta, emariak aurreikus daitezke interes-puntuetan, arro batek prezipitazio jakin bati ematen dion erantzuna aldez aurretik ezagutzearekin batera.
Sisteman alerta-atalase batzuk definituta daude, eremu bakoitzean ur-goraldi batek eragin dezakeen eraginaren edo inpaktuaren mailaren arabera, eta barne-alerta automatikoak sortzen ditu Babes Zibilaren Jarraipeneko operatiboko langileentzat, euri- edo emari-atalase jakin batzuk gaindituz gero. Alerta horiek zuzenean iristen dira Nafarroako Gobernuan larrialdia kudeatzeaz arduratzen diren adituen mugikorretara, eta horiek, datu hidrometeorologikoen arabera, Babes Zibilari aholkua ematen diote, larrialdi-fase ezberdinak deklaratzeko eta herritarrei ahalik eta kalte gutxien egiteko eta behar diren langileak mobilizatzeko beharrezko neurriak aurrez aktibatzeko.
Laburbilduz, SATek dituen modulu ezberdinetan, 170 estazio plubiometriko eta 80 neurketa-estazio baino gehiagoko informazio hidrometeorologikoa gurutzatzen da; AEMETen informazio zehatza ere jasotzen du, euri-aurreikuspena 48 ordu aurretik eskaintzen duena; eta 15 bat egun lehenago gertakari garrantzitsuren bat gertatuko den jakiteko aukera ematen duten beste eredu batzuena ere bai. Informazio horrekin eta simulazio hidrologikoaren moduluari esker, euria-isurketa eraldaketa egiten da; alegia, arro batean behatutako eta aurreikusitako euria kontuan hartuta, ur-emaria neurtzeko estazioetan eta arroetan erregulatu gabeko beste interes-puntu batzuetan aurreikusitako emariak kalkulatzen ditu moduluak, Ebroko SADek emandako informazioa osatuz, hori ere plataforman sartzen baita.
Nafarroan, Uholdeen Arriskuaren aurrean Babes Zibilak duen Plan Bereziak uholdea izateko arrisku potentzial esanguratsua (ARPSIS) duten eremuak aztertzen ditu, eta, horren arabera, uholde-arriskuaren aurrean, Larrialdiko Udal Plana izan behar duten udalerriak jasotzen ditu. Guztira, Nafarroako 50 udalerrik beren plana dute.
Nafarroan azken urteetan izan diren aparteko ur-goraldiak
VIDAAS Garapen Autonomo Aktibo eta Osasungarrirako Abangoardia eta Berrikuntzaren akronimoa da, eta zentroaren egoitza fisikoa…
A* Jesús Garzaron/Gobierno de Navarra F* 2025_11_17 T* Los consejeros Chivite y López presentan el…
Nafarroako Errege Artxibo Orokorrak «Udazken Artximusikala» zikloaren edizio berri bat antolatu du, erakundeak zaintzen dituen…
Joan den irailaren 30ean, Nafarroak 400 milioi euro gainditu zituen Foru Komunitateari esleitutako Berreskuratze eta…
Nafarroak, bere hiru osasun-eremuetan eta arlo guztietan, bai arreta komunitarioan, bai ospitaleetan, Antibiotikoen Erabilera Optimizatzeko Programen(PROA)…
María Chivite Navascués Nafarroako Lehendakariak Foru Gobernuak Txinan duen ordezkaritzaren agenda ofizialari ekin dio. Bidaiaren…