- Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak mahai-inguru batean parte hartu du beste autonomia-erkidego batzuetako kontseilariekin, itsasertzaren ikuspegi atlantiko-kantauriarra partekatzeko.
- «Euskadik iraunkortasunean, ekonomia urdinean eta erakundeen eta gizartearen parte-hartzean oinarritutako ikuspegiarekin egiten dio aurre bere itsasertzaren kudeaketari, kostaldearen erabilera anitzak bateratzeko» azpimarratu du Amaia Barredok.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok, beste autonomia-erkidego batzuetako sailburuekin batera, Kostaldeko I. Goi-bileran parte hartu du Baionan (Galizia). Goi-bilera horren helburua itsas-lehorreko jabari publikoaren kudeaketan aurrera egitea da, kostaldeko autonomia-erkidegoen artean.
Bileran autonomia-erkidegoen eskumenei eta klima-aldaketaren erronkei heldu zaie, eta mahai-inguruen bidez kostaldearen araberako ikuspegiak partekatu dira, Kantauri Atlantikoaren eta Mediterraneoaren arteko aldeak nabarmenduz.
«Eusko Jaurlaritzak itsasertzaren antolamendu integratuaren aldeko apustua egiten du, garapen ekonomikoa, ingurumenaren babesa eta lurraldetik gertu dagoen gobernantza uztartuz. Eskumenen eskualdaketa berriaren bidez, esparru juridiko propio baterantz aurrera egitea da erronka, erabilera-gatazkak konpontzeko eta itsasertz babestu, bizi eta iraunkorra bermatzeko» azpimarratu du bileran Amaia Barredo sailburuak.
Itsasertzeko I. Goi Bilera beste urrats bat da kostaldeko erkidegoen artean gobernantza koordinatuagoa artikulatzeko, itsas-lehorreko jabari publikoaren erabateko kudeaketa iraunkorra lortzeko ideia indartuz. Halaber, Estatuko legeria egokitzea premiazkoa dela aldarrikatzeko, autonomien arteko sinergiak sustatzeko eta berrikuntza, ingurumenaren babesa eta erantzukizun soziala uztartuko dituen ekonomia urdina sendotzeko balio izan du.
