Neguko protokoloak larrialdi-baliabideak eskaintzen ditu Gipuzkoako kostaldean izotz-arriskua aurreikusten den gauetarako
Donostiako Udalak azaroaren 15ean jarri zituen martxan etxerik ez duten pertsonei larrialdietan arreta emateko neguko aldi baterako baliabideak, hirian muturreko hotza aurreikusten den gauetan aktibatuko direnak.
Aldi baterako baliabide horiei gehitu behar zaizkie Donostiako Udalak urtean 365 egunetan etxerik gabeko pertsonei arreta integrala emateko dituen 200 harrera-plaza baino gehiago eta elikadura- eta eguneko arreta-programak. Muturreko egoera klimatologikoetan kale egoeran dauden pertsonei babesa eskaintzeko prestazio osagarri bat da.
Izan ere, etxerik gabeko pertsonentzat urte osoan dauden baliabide iraunkorrez gain, Gizarte Ekintza Zerbitzuak protokolo zabala du, harrera eta arretarako hainbat baliabide aktibatzen dituena, neguko muturreko eguraldiak kalean gaua igarotzen duten pertsonen osasunean ondorio kaltegarririk izan ez dezan.
Muturreko hotz-gauetarako baliabideak
- NEGUKO ATERPEA: Duela urte batzuetatik hona, Donostiak etxerik gabeko pertsonentzako harrera zerbitzua du muturreko hotz-gauetarako.
- Aterpea La Sirenan dago (Igeldo pasealekua, 25) 2021etik,
- Azaroaren 15etik apirilaren 1era bitartean aktibatuko da, Euskalmetek kostaldean izozte arriskua dagoela adierazten duen gauetan.
- 100 plaza gehituko dizkie etxerik gabeko pertsonentzako urte osoan dauden baliabideei.
- Protokoloa aktibatzen denean, aterpetxea 22:00etatik 08:30era egongo da irekita,
- Txartel bat aurkeztu beharko da. Txartel hori aterpean bertan jasoko da, hotz-bolada bakoitzaren irekiera egunean, 10:00etatik 13:00etara.
- Txartela duen pertsonak eskubidea izango du hotz-boladak irauten duen egun guztietarako plaza izateko.
- Gainera, irekiera gauetan janaria banatuko da aterpean sartzerakoan eta irteterakoan.
- PERTSONA KALTEBERENTZAKO ARRETA KALEAN: Duela bi urte abian jarri zen harrera-zentroetara joan nahi ez duten pertsona bereziki ahulei kalean ematen den arreta, Eguneko zentroko hezitzaileen eta DYAko boluntarioen eskutik.
- Martxan jarriko da Euskalmetek hirian tenperatura 5 gradutik behera jaitsiko dela aurreikusten duen gauetan.
- Zerbitzu hori indartzea komenigarritzat jotzen da, zaurgarritasun handiena duten eta egoera horietan tratamendu berezia behar duten pertsonei zuzendutako arreta baita.
- Tenperatura 5 gradutik behera jaitsiko dela aurreikusten den egunetan, hezitzaile talde bat goizean goiz joango da etxerik gabeko pertsona ahulenek gaua igarotzen duten lekuetara, egoera aztertuko dute, janari beroa eskainiko diete eta zentro batera joateko aukera emango diete, babes-neurriren bat hartu behar den baloratzeaz gain.
- Kostaldean izotza egiteko arriskua dagoen egunetan, hezitzaile-taldeak bere jarduna indartu egingo du, pertsona hauskorrenengana hurbilduz, goizeko lehen orduan zein arratsalde-gauean.
- Inolako baliabidetara joan nahi ez badute, hotzetik babesteko produktu-kit bat emango zaie: lo-zakuak, berokiak, arropa termikoa, eskularruak, buff-a, txanoa, galtzerdiak eta barruko arropa.
Protokoloaren jarraipena egiteko, batzorde iraunkor bat ere sortu da, honako hauek osatua: Gizarte Ekintza zerbitzua, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Donostiako Suhiltzaileak (herri babesa), Grupo 5, SOS Deiak, DYA eta Osakidetzako Larrialdiak.
Etxerik gabeko pertsonentzako baliabide iraunkorrak
Gogoan izan behar da Neguko Aterpetxearen zerbitzua baliabide osagarria dela, eta egoera jakin batzuetan aktibatzen dela. Donostiako Udalak hainbat harrera-zentro iraunkor ditu, baita eguneko arretarako beste baliabide batzuk eta elikadura-zerbitzuak ere. Horiei esker, etxerik gabeko pertsonei arreta pertsonalizatua, indibidualizatua eta integrala ematen zaie urteko 365 egunetan.
Gaur egun, Donostia da lurralde osoan bazterketa-egoeran dauden pertsonentzako baliabide gehien eskaintzen dituen udalerria, eta Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Zorroak ezartzen duen eskaintza guztia duen udalerri bakarra da, baita udalen zuzeneko eskumenekoak ez diren beste baliabide osagarri batzuk ere.
