- Euskadiko bularreko minbiziaren baheketa-programak —erreferentziazkoa Europan, bere emaitzengatik eta parte-hartze handiagatik (% 80)—, detekzio goiztiarraren adina pixkanaka 45 urtera zabaltzea aurreikusi du (2026an 48 urteko emakumeak sartuko dira, eta 2027an 45 urtetik aurrera zabalduko da )
- Osakidetzak 144.000 miaketa inguru egiten ditu urtean, horrek agerian uzten du sistemak estaldurari eusteko eta zabaltzeko ahalmen nahikoa duela
- Prebentzioa eta detekzio goiztiarra 2025-2030 aldiko Euskadiko Onkologia Plan Integralaren bi zutabe dira. Plan horren helburua da, Euskadiko Osasun Itunarekin bat etorriz, minbizia duten pertsonen biziraupen-tasa eta pazienteen eta biziraun dutenen bizi-kalitatea hobetzea
Bularreko minbizia emakumeen tumorerik ohikoena da mundu osoan, eta, beraz, detekzio goiztiarra funtsezkoa da heriotza-tasa murrizteko eta bizi-kalitatea hobetzeko.Osakidetzaren bularreko minbiziaren baheketa-programa 1995ean hasi zen, eta, harrezkero, arrakasta-kasu bihurtu da Euskadin, Estatuan eta Europan, lortutako emaitzei eta herritarren konfiantzari esker.Horixe nabarmendu du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek Eusko Legebiltzarrean egin den kontroleko osoko bilkuran.
Azpimarratu duenez, programa abian jarri zenetik 2,5 milioi mamografia baino gehiago egin dira, eta 13.000 tumore inguru diagnostikatu ahal izan dira. Horri esker, kasuen % 84tan tratamendu kontserbatzailea eskaini ahal izan da, pazienteentzat hain agresiboa ez dena. Bularreko minbiziaren kasuan bost urtean bizirauteko aukera % 88 ingurukoa da Euskadin, eta horrek erakusten du detekzio goiztiarrak eta tratamendu pertsonalizatuek eragin positiboa dutela.
Azken emaitzak eta parte-hartze handia
2024an, bularreko minbiziko 715 kasu detektatu ziren baheketa-programaren bidez, 50-69 urteko emakumeengan eta lehen mailako familia-aurrekariak dituzten 40-49 urteko emakumeengan. Kasu horietako gehienak oso hasierako faseetan zeuden eta pronostiko ona zuten. Tumoreak etapa goiztiarretan detektatzeak hain agresiboak ez diren tratamenduak aplikatzea eta tumorea duten emakumeak sendatzeko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko aukera gehiago izatea ahalbidetzen du.
Programan parte hartu dutenen tasa % 79-80 ingurukoa da, eta Europako gomendioak gainditu dira. Izan ere, gomendio horien arabera, onargarritzat hartzen da % 70etik gorako parte-hartzea, eta komenigarritzat % 75etik gorakoa. Atxikimendu-maila handi horrek agerian uzten du euskal emakumeek Osakidetzaren baheketa-politikan duten konfiantza, baita hori ahalbidetzen duten profesionalen konpromisoa ere.
Baheketa 45 urteko adinera zabaltzea Euskadin
Europako Batzordearen gomendioei jarraikiz, Euskadiko baheketa-programan 50-69 urteko emakumeak eta lehen mailako familia-aurrekariak dituzten 40-49 urteko emakumeak sartzen dira jada, eta hori gomendio sendotzat jotzen da osasun publikoan. Gainera, Europako erakundeek baheketa 45-49 urteko emakumeen taldera zabaltzea proposatu dute, iradokizun gisa, eta Euskadik proposamen hori onartzea eta bere biztanleria-errealitatera egokitzea erabaki du.
Horrela, beraz, Osakidetzak mailaka zabalduko du programa: lehenik eta behin, 48 urteko emakumeak sartuko dira 2026. urtetik aurrera, eta, ondoren, 2027tik aurrera, 45 urtetik gorako emakumeak, eredu progresibo, sistematiko eta antolatu baten arabera. Erabaki hori hiru irizpide nagusitan oinarrituta dago: onkologiako, ginekologiako eta erradiologiako profesionalen oniritzia; bularreko minbiziaren intzidentziak 45-49 urteko emakumeengan izan duen gorakada; eta gaixotasunak emakume gazteengan duen inpaktu handia eta bizitzako urteak galtzea saihesteko dagoen aukera.
Ahalmena, teknologia eta gardentasuna
Osakidetzaren bularreko minbiziaren baheketa-programak 3.000 mamografia inguru egiten ditu astean, hau da, 144.000 miaketa inguru urtean. Horrek agerian uzten du sistemak estaldurari eusteko eta zabaltzeko ahalmen nahikoa duela. Horretarako, teknologia aurreratua du, hala nola tomosintesi digitala eta mamografia digitala, Europak minbiziaren baheketen arloan emandako gomendioekin bat datorrena.
Programaren beste indarguneetako bat datuen kudeaketa eta etengabeko ebaluazioa da, parte-hartzeari, miaketen emaitzei, azken diagnostikoei eta detektatutako tumoreen ezaugarriei buruzko informazioa barnean hartuta. Datuetan oinarritutako ikuspegi horrek programa etengabe hobetzea ahalbidetzen du, eta herritarrekiko gardentasuna bermatzen du, herritarrek osasun publikoko politika horren bilakaera eta emaitzak ezagutu baititzakete.
Erreferentzia Euskadirentzat eta Europarentzat
Hiru hamarkadatan metatutako esperientziaren ondorioz, Euskadi erreferentzia bihurtu da bularreko minbiziaren baheketan, Estatuan zein Europan, emaitza kliniko onengatik eta gizarteak sisteman duen konfiantzagatik. Parte-hartze handia, puntako teknologia, langile kualifikatuak eta etengabeko ebaluazioa batuta, eredu sendoa, eraginkorra eta herritarrentzat hurbilekoa lortu da.
Martinezek esker ona agertu die Osakidetzako profesionalei eta programan parte hartzen duten emakumeei, bularreko minbiziaren prebentzioan eta detekzio goiztiarrean duten inplikazioagatik. Helburua da aurrera egiten jarraitzea eta, ildo horretan, baheketa adin-tarte gehiagotara zabaltzea eta Euskadik bularreko minbiziaren aurkako borrokaren abangoardian jarraitzea.
Euskadiko Onkologia Plan Integrala eta Euskadiko Osasun Ituna
Joan den urrian, Osasuneko sailburuak 2025-2030 aldiko Euskadiko Onkologia Plan Integrala aurkeztu zuen. Plan horren helburu nagusia da, Euskadiko Osasun Itunarekin bat etorriz, minbizia duten pertsonen biziraupen-tasa eta pazienteen eta biziraun dutenen bizi-kalitatea hobetzea. Hori lortzeko, Planak honako hauek lehenesten ditu: minbiziari etapa guztietan modu integral eta integratuan aurre egitea, prebentzioan eta diagnostiko goiztiarrean aurrera egitea, baliabideetarako irispide unibertsala, bidezkoa eta humanizatua, arreta pertsonalizatua eta tratamendu aurreratuak eta berritzaileak.
Azpimarratu beharra dago plan horretan aurreikusitako 142 ekintzetako askok pazienteen eskaerei erantzuten dietela. Izan ere, pazienteek aktiboki hartu dute parte dokumentua lantzen, baita Euskadiko Osasun Itunaren barruan ere, hasiera-hasieratik.Itun horren 24 ildo estrategikoetako bat, hain zuzen ere, onkologiaren ingurukoa da, irispidearen eta emaitzen ekitatean, minbiziaren arloko ikerketari eta berrikuntzari eman beharreko bultzadan eta laguntza-mailen arteko koordinazioan oinarritua.
