Kazetaritza Matxistaren Behatokiak (periodismomachista.com) komunikabideen berri-emate matxisten 195 kasu argitaratu ditu jaio zenetik, eta informazio horietako gehienek (% 43) genero indarkeria minimizatzen edo erromantizatzen dute. Ondoren, emakumeak kosifikatzen dituzten eta azalekoa azpimarratzen duten titularrak daude (% 16), eta errua biktimari egozten diotenak (% 11). Behatokia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bitartez ikerketa-taldearen, Pikara Magazineko Emakume Kazetarien Elkartearen eta M8 Komunikatzaileen gizarte-eragineko ekimena da. “Kazetaritza ona ez da bateragarria matxismoarekin, eta EHUtik, erakunde gisa, berresten dugu gure konpromiso feminista”, nabarmendu du aurkezpenean Estitxu Garaik, EHUko Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak.
Talde sustatzaileak bere lehen urteko emaitzak aurkeztu ditu gaur Madrilgo Prentsa Elkartean, azaroaren 25aren, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira. Proiektua jendeak webguneko eta sareetako postontzi baten bidez helarazten dituen informazioez hornitzen da. Ondoren, adituek –akademikoek, kazetariek eta feminismoan adituak direnek– informazio horiek aztertzen dituzte. Berri-emate sexista erakusten duten informazioak argitaratzen dira, baina soilik taldeak aho batez aukeratzen baditu.
Informazio matxista bakoitza 9 kategoriaz osatutako taxonomia propio batean sailkatzen da. Kasu bakoitzean, Behatokiak berri-emate matxista zergatik den azaltzen du, medioak dagoeneko zuzendu badu (askotan gertatzen den bezala), eta arazoa konpontzen duen titular berdinzale baten proposamena ematen du. Ikerketak kanpoan uzten ditu iritzi-artikuluak. «Helburua didaktikoa da, ez dugu profesionalik edo mediorik seinalatu nahi. Kazetaritzako ikasgeletan ohikoa dena gizarteari hurbildu nahi diogu. Ikasle batek ere ez luke titular horiekin aprobatuko», adierazi du Angeriñe Elorriagak, proiektuaren zuzendarikide eta EHUko Bitartez ikerketa-taldeko kideak.
9 kategoriak, banan-banan
Bederatzi kategorietatik, errepikakorrena indarkeria matxista erromantizatu edo minimizatzen duena da, hautemandako kasuen % 43an gertatzen baita. “Dos años de cárcel por mantener relaciones sexuales con una niña de doce años” edo “Un joven tiene sexo consentido con una chica en Sigüeiro pero acaba condenado porque intentó una práctica que ella le advirtió que no haría”.
Ondoren datoz, % 16rekin, emakumeak kosifikatu eta azalekoan zentratzen direnak, hala nola “El espejo del alma: Paloma Lago: Tipazo y cara pepona por los rellenos” edo “Pam Bondi, la explosiva sesentona a la que Trump nombró fiscal general”.
Prebalentzia handiena duen hurrengo kategoria biktimari egozten diona da, % 11rekin. Honako titular hauek biltzen ditu: “Una mujer provoca un accidente cuando su maltratador trataba de estrellar el coche para matarla” edo “Una niña envía a su padrastro a prisión tras grabarlo con cámara oculta mientras abusaba de ella en A Coruña”.
Balioa irudi maskulinoekin lotzen duten albisteak % 9 dira (“La novia de David Broncano reaparece tras la polémica con Melody”); emakumeen lorpenak ikusezin bihurtzen edo minimizatzen dituztenak % 8 (“La selección española de waterpolo, campeona de Europa por primera vez”, gizonezkoen selekzioari erreferentzia egiten ziona, emakumezkoena hirutan irabazia zegoenean); “emakume” hitzaren erabilera problematikoa egiten dutenak % 6 dira (“Una mujer para dinamizar la justicia militar”); genero-estereotipoak indartzen dituztenak % 5 dira (“El caos por el pantallazo azul de Windows inunda Barajas: una ‘avalancha de gente’ y clientas ‘desquiciadas’”); nomenklaturan bereizten dituztenak % 5 dira; (“Irene, Isa, Ione y Noelia: Iglesias radicaliza Podemos”); eta, azkenik, emakumeak edozein gatazkaren erantzule egiten dituztenak % 4 dira (“El movimiento feminista que amenaza la supervivencia de Corea del Sur”).
Ikasgeletan
Behatokiak dagoeneko komunikazio-fakultateetan lantzen ari diren material didaktikoa sortu du, eta ikasturte honetan batxilergoko ikasgeletara ere zabalduko da, Eusko Jaurlaritzarekin batera garatutako proiektu pilotu batean. Hala, 16 eta 18 urte bitarteko ikasleek planteatuko dute ea “Teslak emakume bat aukeratu du Elon Musken ordezkatzeko lehendakaritzan” bezalako titularrak egongo liratekeen protagonista gizona balitz.
«Kazetaritza sexista kazetaritza txarra da. Kalitate kontua da, ortografia falta edo portzentaje batean huts egitea bezala, kazetaritza matxista ona ez dagoelako. Hedabideak gizartea bezain matxistak dira, baina aldatuz gero, gizarte berdinzaleagoa lortzen lagunduko digun palanka izan daitezke», adierazi du Iker Merchan Mota EHUko ikertzaileak, proiektuaren zuzendarikideak.
Ekimen hau EHUren Unibertsitate-Enpresa-Gizartea deialdiko proiektuetako bat da. Deialdi horrek kalitatezko ikerketa eta ezagutzaren transferentzia bultzatzen ditu. Honako hauek partekatzen dute lan hori: Bitartez ikerketa-taldeak (Euskal Unibertsitate-Sistemak kalifikazio akademiko gorena eman dio), Pikara Magazine Kazetari Emakumeen Elkarteak (nazioartean erreferentzia den feminismoei buruzko komunikabidea) eta M8 komunikatzaileek (kazetaritza duin, feminista eta berdinzaleagoaren alde lan egiten duen emakume komunikatzaileen elkartea).
Informazio osagarria
Bitartez (EHU) ikerketa-taldeari buruz
Bitartez Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikerketa-talde finkatua da, eta Euskal Unibertsitate-Sisteman kalifikazio akademiko gorena jaso du. Hainbat diziplinatako 25 profesionalek osatzen dute. Bere ikerketa-ildo nagusietako bat generoa da, komunikazioaren eta irakaskuntzaren harremanari dagokionez.
Pikara Magazineko Emakume Kazetarien Elkarteari buruz
Pikara Magazine 2010ean jaiotako komunikabide bat da, eta kalitatezko kazetaritza egitea du ezaugarri, ikuspegi feminista, kritikoa eta urratzailea du. Munduan gehien irakurri den gaztelaniazko feminismoei buruzko komunikabideetako bat da, eta hogeita hamar bat sari eta aintzatespen jaso ditu bere lanagatik. Besteak beste, Berdintasun Ministerioaren «Kontatu legitimatu gabe. Indarkeria matxistak komunikabideetan” ikerlana egin du. Aldizkariko lantaldeak hainbat prestakuntza-gunetan parte hartzen du.
M8 komunikatzaileei buruz
M8 komunikatzaileak komunikazioan lan egiten duten emakumeen elkartea da, Espainian sortua laugarren olatu feministaren harira. Bere helburua da kazetaritza duina eta feminista defendatzea eta komunikabideetan ordezkaritza parekidea lortzea. Horretarako, esku-hartzeak egiten dituzte, bai sare sozialen bidez, bai hainbat forotan parte hartuz. 2018-2019an Komunikazio Matxistaren aurkako Behatokia sortzeko proposamena egin zuen.
Informazio gehiago:
