- Mikel Jauregi: «Oso modu positiboen baloratzen dugu akordioa. Gaurkoa egun handia da Euskadirentzat. Hilabete luzeetako lan gogorraren eta negoziazioen ondoren, Eusko Jaurlaritzatik eskatzen ditugun baldintzak beteko lituzkeen inbertitzaile bat erakartzea lortu dugu: enpresaren etorkizuna bermatuko duena, inbertsore industrial sendo bat izango duena, kudeaketa-gaitasun egiaztatua izango duena, eta etorkizuneko plan bat aurkeztea, enpresaren jarduera bermatzeko eta kalitatezko enpleguari eusteko. Inbertsore berriak baldintza horiek betetzen ditu»
Hilabete luzez gogor lan egin eta negoziatu ondoren, gaur Abu Dhabi Ports inbertsio-taldeak salerosketa-akordioa sinatu du, Astilleros Balenciaga ontziolaren eta bertako langileen jardueraren etorkizuna bermatzeko.
Salerosketa akordioa gauzatu ahal izateko, Enpresa Batzordearekin akordio bat lortu beharko da soilik. Bestalde, Eusko Jaurlaritza lanean ari da egungo kontzesioak kontzesio bakarrera sinplifikatzeko eta datozen egunetarako adostua egotea espero da.
Mikel Jauregi, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua pozik agertu da operazioaren itxierarekin. «Oso modu positiboan baloratzen dugu akordioa. Berri bikaina da, eta denok poztu behar dugu. Gaur, egun handia da Euskadirentzat, gure industriarentzat, euskal ontzigintzarentzat, Zumaiarentzat, eta Balenciagako langileentzat eta haien familientzat, azken hilabeteetan ziurgabetasunean bizi izan direlako».
Jauregik nabarmendu du, Abu Dhabi Portsen proposamenak Eusko Jaurlaritzak krisi egoeran dauden enpresei irtenbidea bilatzeko ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela, Balenciaga ontziolaren kasuan bezala. «Baldintza hauek dira: enpresaren etorkizuna bermatuko duena, inbertsore industrial sendo bat izango duena, kudeaketa-gaitasun egiaztatua izango duena, eta etorkizuneko plan bat aurkeztea, enpresaren jarduera bermatzeko eta kalitatezko enpleguari eusteko. Inbertsore berriak baldintza horiek betetzen ditu».
Sailburuak eskerrak eman nahi izan dizkie operazioan parte hartu duten guztiei egindako lanagatik, eta aipamen berezia egin dio «Industria Sustatzeko Sailburuordetzako taldeari, lan handia egin duelako».
Azkenik, Jauregik azpimarratu duenez, akordio hau «ez da prozesu erraza izan. Bidean aurkitu ditugun zailtasunak zailtasun, ez gara inoiz ezkortasunean erori. Gogor lan egitea, zuhurtziaz eta diskrezioz oso garrantzitsua da horrelako operazioak burutzeko. Akordio hau konpromiso honen emaitza da”.
