- Albanese, bere bigarren agintaldia betetzen duena, Nazio Batuen Palestinako Lurralde Okupatuetarako lehen emakume errelatore berezia da
- Saria emateko ekitaldia abenduaren 10ean izango da, Giza Eskubideen Egunean
Eusko Jaurlaritzak René Cassin 2025 Saria eman dio Francesca Albaneseri, Nazio Batuen Palestinako Lurralde Okupatuetarako errelatore bereziari, “oinarrizko eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren defentsan tinko aritzeagatik”.
Sari honekin, epaimahaiak bere ibilbide profesionala eta independentzia aintzat hartu eta balioetsi nahi du, eta Albenesez esan du, “legezkotasunaren, justiziaren eta giza duintasunaren printzipioek gidatuta, okupazioak eta gatazkak eragindako pertsonen egoera ikusarazten lagundu du, baita kontuak ematea eta eskubide unibertsalak benetan errespetatzea sustatzen ere”.
René Cassin Saria 2003an sortu zen, giza eskubideen aldeko jarduera nabarmenak publikoki aitortzeko helburuarekin. Deialdira aurkeztutako hautagaitzak aztertu ondoren, epaimahaiak erabaki du Palestinako Lurralde Okupatuetarako errelatore berezia izatea sariduna, «egiarekiko eta pertsona ahulenen babesarekiko konpromisoa duen giza eskubideen defendatzailea izateagatik”. Albanesez gaineratu du, “bere lana giza eskubideen nazioarteko sisteman oinarritzen diren balioekiko zorroztasunez, ausardiaz eta fideltasunez egiten du”.
Kideek nabarmendu dutenez, «Nazio Batuetan egindako lanaren bidez, Francesca Albanesek lagundu du giza eskubideen urraketak ikusarazten, zigorgabetasuna salatzen eta nazioarteko arauak benetan betetzea eskatzen, gatazka eta okupazio testuinguruetan dauden pertsonak babesten laguntzeko».
Horren harira, epaimahaiko kideek azaldu dute saridunaren lana oinarritu dela “zorroztasun juridikoan, irizpide-independentzian eta nazioarteko eremuan giza eskubideak zaintzen dituzten zeregina gidatu behar duten uste etiko irmoan”.
Era berean, epaimahaiak gogorarazi nahi izan ditu “mundua hondoratzen duten gatazka armatuak eta giza eskubideak betetzea eragozten dutenak”; bereziki, “nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen denean edo heriotza eta sufrimendua eragiten duten helburu zibilak nahita erasotzen direnean, bestek beste, Ukrainan, Sudanen eta Palestinan gertatzen den bezala”.
Horregatik, hain zuzen, deia egin du “gatazka horietan eta bestelakoetan justiziaz beteriko bakea izateko eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko, bai eta nazioarteko krimen guztien inpunitatearekin amaitzeko ere, egilea edozein dela”.
Saria emateko ekitaldia abenduaren 10ean egingo da, Giza Eskubideen Egunean, Bilboko EITBko Multibox aretoan, Bilbon. Imanol Pradales Lehendakaria izango da ekitaldiaren buru, eta María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburua bertan izango da.
René Cassin
Sari honek René Cassini zor dio izena, 1887ko urriaren 5ean Baionan jaio eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusitzat hartzen dena. Cassinek Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an, giza eskubideen alde egin zuen lan nekaezinagatik. Sari hau jaso duten pertsona eta erakundeen artean daude, besteak beste, UNRWA, “Asociación Civil Abuelas Plaza de Mayo” elkartea, Federico Mayor Zaragoza, Alec Reid, Koro Erdozia Lasa, Elisa Loncon Antileo, Dora María Téllez eta ICDP Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordea.
Epaimahaia bizikidetzaren eta giza eskubideen esparruan ospe handia duten pertsonek osatzen dute. Honako hauek dira: María Arritokieta Marañon Basarte, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuordea; Izaskun Saez De la Fuente Aldama, Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea, Eraikuntza Sozialerako Etikako Masterreko zuzendaria eta Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroko kidea; Bárbara Ruiz Balzola, UNRWAko ordezkaria Euskadin; María Oianguren Idígoras, Gernika Gogoratuz erakundeko zuzendaria eta René Cassin Saria 2010; Juan José Álvarez Rubio, EHUko Nazioarteko Zuzenbideko katedraduna; Miren Elgarresta Larrabide, Emakundeko zuzendaria; Mikel Mancisidor de la Fuente, Nazio Batuetako Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko kidea; Manuela Mesa, CEIPAZ Bakerako Hezkuntza eta Ikerketa Zentroko zuzendaria; Carlos Martín Beristain, Giza Eskubideetan aditua, René Cassin Saria 2020, eta Ainhoa Zugasti Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendaria.
