Ertzainek 21 urteko gizon bat atxilotu dute gaur, asteartea, goizaldean, Bizkaiko herri horretako bi etxebizitzatan lapurreta egitea leporatuta. Lapurretetako batean, atxilotua etxe barruan harrapatu dute, leiho bat hautsita sartu ondoren.
Gaur goizaldeko hiru eta erdiak aldera, Urduñako Antigua auzoko etxebizitza baten jabeak Ertzaintzari jakitera eman dio pertsona bat zegoela bere etxe barruan. Berriemailea ez zegoen etxean, baina ustezko lapurra zaintzako kamera-sistemaren bidez ikusi du.
Herritarrak babesteko lanetan ari zen Laudioko Ertzain-etxeko patruila bat bertaratu da, eta leiho bat behartuta zegoela egiaztatu du. Etxe barruan, geletako batean ezkutatuta, polizia-dotazioak gizon bat aurkitu du, eta poltsikoetan etxean lapurtutako hainbat gauza zeramatzan, besteak beste, erloju bat eta urrezko lepoko bat.
Gainera, beste bi pertsonaren izenean zeuden hainbat agiri eta bankuko txartel bat ere konfiskatu dizkiote, bai eta 20 euro zituen diru-zorro bat eta bi boligrafo ere. Egiaztatu ahal izan dutenez, horiek aldameneko garajekoak ziren, eta garaje hori eremu bereko bigarren etxebizitza batekin komunikatuta zegoen, eta bart gauean bertan ere lapurreta egin dute. Eraikin hori eta bertan aparkatutako ibilgailu bat nahastuta zeuden.
Egitate horien aurrean, inplikatua, magrebtar jatorriko 21 urtekoa, etxebizitzetan egindako bi lapurreta-delituengatik atxilotu dute. Polizia-eginbideak amaitu ondoren, agintari judizialaren eskuetan jarriko dute.