Irunen gizon bat 50 bat gramo kokainarekin harrapatu dute

Ertzaintzako agenteek 45 urteko gizon bat atxilotu dute Irunen droga-trafikoa leporatuta, bide publikoan identifikatu eta konfiskatu zaizkion 50 gramo kokaina inguru aurkitu ondoren.

Atzo, osteguna, goizaldeko hiruak aldera, Ertzaintzari jakitera eman zioten hainbat pertsona zokomiran eta Irungo Pio XII inguruko atari batean sartu nahian ari zirela.  

Bertaratu zen herritarren babeserako patruila batek bi pertsona aurkitu zituen adierazitako eraikinean.  Bi pertsona horiek agenteei esan zieten inguruan bizi zirela, baina ez atari horretan. Biek substantzia sorgorgarrien eraginpean egotearen sintomak zituztela ikusita, identifikatu egin zituzten. Gainera, agente jarduleek egiaztatu ahal izan zuten horietako batek, arropa artean, hauts zuri bat, ustez kokaina, zuen poltsatxo bat zuela, guztira 49,68 gramo. Hori dela eta, droga-trafikoa leporatuta atxilotu zuten.

Atxilotua espainiar nazionalitateko 45 urteko gizona da, eta, beharrezko polizia-eginbideak amaitu ondoren, atzo jarri zuten Agintaritza Judizialaren eskuetan.

Harekin zegoen espainiar nazionalitateko 40 urteko gizonari substantzia bera, gramo erdi bat, zuen bilgarri bat aurkitu zioten, eta administrazio-zehapenerako proposatu dute Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa Urratzeagatik, substantzia sorgorgarriak zituelako.

Jaitsi Argazkia/Foto