Donostiako Udalak doan lagako ditu lurzati eraikigarriak, eta Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu sustapenen gastuak
Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak jarduera-protokolo bat adostu dute Gipuzkoako hiriburuan babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak sustatzeko.
Protokoloaren helburua da oinarri batzuk finkatzea, etorkizunean Donostian babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak planifikatzeko, sustatzeko eta elkarrekin esku hartzeko.
Protokoloan jasotzen denez, Udalak Eusko Jaurlaritzari doan laga nahi dizkio babes publikoko etxebizitzak eta/edo zuzkidura-bizitokiak har ditzaketen lurzatiak. Era berean, Eusko Jaurlaritzak adierazi du prest dagoela lurzati horiek onartzeko, alokairu babestuko erregimenean lehenbailehen sustatzeko, behin lagapena formalizatuta.
Donostian errotua egotea
Bi aldeek adierazi dute lankidetza-hitzarmen espezifikoak sinatu nahi dituztela adostu daitezkeen eremu edo lurzati bakoitzerako. Hitzarmen horiek oinarri edo irizpide batzuk izango dituzte:
- Udalak doan eta dokumentu publikoan igorriko dio Eusko Jaurlaritzari lurzati eraikigarrien jabari osoa, babes publikoko etxebizitzak edo zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko.
- Eusko Jaurlaritza arduratuko da, errentamendu iraunkorreko modalitatean, babes publikoko etxebizitzak edo alokairu-erregimeneko zuzkidura-bizitokiak sustatzeaz, gauzatzeaz eta kudeatzeaz, baldin eta eskuragarri dituen lurzatietan egin badaitezke.
- Sustapenari lotutako gastuak Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu: proiektuak, lizentziak, obrak…
- Hitzarmen espezifikoek obrak hasteko gehieneko epeak jasoko dituzte, bai eta obrak gauzatzeko aurrekontu-baliabide nahikoak daudela bermatzeko mekanismoak ere.
- Udalak ahalik eta azkarren eta arreta handienarekin izapidetuko ditu eraikuntza-obren proiektuetarako administrazio-baimenak.
- Hitzarmenetan jasoko da esleipendunek egiaztatu beharko dutela gutxienez hiru urteko antzinatasuna dutela Donostian erroldatuta, etenik gabe, edo azken hamar urteetako bost urte osokoa.
Bi erakundeek protokolo honen jarraipena egiteko batzorde misto bat eratzea erabaki dute. Batzorde hori alde bakoitzeko hiru ordezkarik osatuko dute.
