Gizon bat atxilotu dute Gasteizen adineko emakume bati tira eginda lapurtzeagatik

Ikerketa baten ondorioz, atzo, asteartea, goizeko lehen orduan, Ertzaintzak 25 urteko gazte bat atxilotu zuen Gasteizen, adineko emakume bati bide publikoan bi kate indarrez kendu eta lepoan hainbat higadura eragiteagatik

Joan den azaroaren hasieran, Ertzaintzak jakin zuen adineko emakume bat lapurreta baten biktima izan zela Pilar auzoan. Antza denez, adineko emakumeari bi gizon hurbildu zitzaizkion, eta lepoan zeraman bi kate kendu zizkioten tira eginda. Behin beren helburua lortuta, ihes egin zuten. Lapurrek erabilitako muturreko indarkeriaren ondorioz, biktimak hainbat higadura zituen lepoan.

 Berehala, gertakariaren inguruko ikerketa bat jarri zen abian, eta haren ondorioz, lapurretaren ustezko egileetako bat identifikatzea lortu zen, jatorri magrebtarreko 25 urteko gazte bat, aurrekari ugari dituena. Atzo goizean beharrezko egiaztapenak egin ondoren, atxilotu egin zuten indarkeriaz egindako lapurreta-delitu bat egotzita. Ertzain-etxera eraman zuten beharrezko eginbideak egiteko, eta, ondoren, epailearen esku utzi zuten.

 Ikerketak zabalik jarraitzen du, haren lapurreta-konplizea identifikatu ahal izateko.