Ertzaintzako agenteek lau gizon atxilotu dituzte gaur, asteazkena, goizaldean, Ortuellan, enpresa batean lapurtzen harrapatuta; bertako karga-atea behartu zuten haren kontra furgoneta batekin jota. Enpresan lapurtutako kable-bobina batzuk aurkitu dituzte ibilgailuaren barruan.
Goizaldeko ordu bi eta erdiak aldera, Ortuellan herritarrak babesteko lanak egiten ari zen Ertzaintzako talde bat herri horretako enpresa batera joan da, enpresako intrusio-alarma aktibatu dela jakinarazi diotenean. Behin bertara iritsita, ikusi dute pabiloiko karga-atea behealdean behartuta zegoela inpaktu handi batekin. Aurrean furgoneta bat zegoen aparkatuta, atoi-bola bat jarrita zeramala, eta atzeko tulipa bat hautsirik. Tuliparen hondarrak lurrean sakabanatuta zeuden, eta ateko kalteak eta ibilgailuarenak bateragarriak ziren.
Furgoneta horren barruan kable-bobina batzuk zeuden kargatuta, eta egiaztatu ahal izan dutenez, lantegi barrutik lapurtu zituzten. Egoera ikusita, eta lapurretaren egileek ihes egin zutela egiaztatu ondoren, agenteek inguruak miatu dituzte, eta handik gutxira lau pertsona aurkitu dituzte sastraka artean ezkutatzen saiatzen.
Susmagarriak identifikatu eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, atxilotu egin dituzte, indarrezko lapurreta-delitu baten ustezko egile gisa. Jarraian, atxilotuak, 21 eta 33 urte bitartekoak eta guztiak espainiar nazionalitatekoak, ertzain-etxera eraman dituzte beharrezko tramiteak egiteko eta, ondoren, epailearen esku jartzeko.
Muskizko ertzain-etxea ikertzen ari da ea atxilotuek zerikusia duten inguruan modus operandi berarekin egindako antzeko beste delitu-egintza batzuetan.