Gizon bat atxilotu dute Donostian aparkatuta zeuden hamazazpi ibilgailutan kalteak eragiteagatik

Ertzaintzako agenteek 30 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean Donostian, bide publikoan aparkatutako 17 ibilgailutan kalteak eragiteagatik. Gehienek kalteak zituzten atzerako ispiluetan.

Gaur, osteguna, goizaldeko 03:00ak baino minutu batzuk geroago, Ertzaintzari jakinarazi diote gizon bat Donostiako Aiete auzoko Bera Bera pasealekuan aparkatuta zegoen ibilgailu bat behartzen saiatzen ari zela.

Herritarren Babeserako patruila batek pertsona bat aurkitu eta identifikatu du auto baten ondoan. Auto horrek atzerako ispilua aterata, haizetako-garbigailu bat aterata eta bestea bihurrituta zituen. Ertzainek bertan identifikatu duten gizona seinalatu dute, kalteak eragin dituelakoan.

Polizia-agenteek inguruan aparkatuta zeuden gainerako ibilgailuak aztertu dituzte, eta egiaztatu dute beste hamabost autok eta motozikleta batek hainbat kalte zituztela. Autoen kasuan, denek zuten atzerako ispiluren bat kaltetuta, eta motozikleta lurrera bota zuen.

Bertan egiaztatutako gertakariak ikusita, agenteek atxilotu egin dute ustezko egilea, jatorri latinoamerikarrekoa, kalte-delitu bat egotzita. Ertzain-etxeko eginbideak amaitutakoan, atxilotua Donostiako Guardiako Epaitegiaren esku utziko dute.