Bi atxilotu Amurrioko etxebizitza batean lapurtzeagatik eta ibilgailu bat osteagatik

Ertzaintzako agenteek bi gazte atxilotu dituzte gaur goizaldean Amurrioko familia bakarreko etxebizitza batean lapurtzeagatik. Gainera, atxilotuek etxearen kanpoaldean aparkatuta zegoen turismo bat ere bereganatu dute.

Goizaldeko ordu biak baino pixka bat lehenago, Amurrion, A-625 errepidean, herritarren segurtasun-lanak egiten ari zen Ertzaintzako patruila batek ikusi du auto bat ezohiko moduan zirkulatzen ari zela, zabuka eta kontrako erreia inbadituz.

Agenteek ibilgailua geldiarazi dute eta bi bidaiariak identifikatu dituzte. Autoaren jabeari buruz galdetu dietenean, esan dute ez zela haiena, eta giltzak jarrita aurkitu dutela. Halaber, barruan lau telefono mugikor eta ustez legez kanpoko jatorria duten beste objektu batzuk aurkitu dituzte.

Jarraian, egindako miaketei esker, jakin da autoa alokairukoa zela eta errentariak Amurrioko etxearen kanpoaldean aparkatuta utzi zuela. Pertsona horrek berak (nazionalitate espainiarrekoa bera) poliziaren deia jaso duenean, bere etxean sartu direla egiaztatu du. Sarrerako ate bat bortxatuta zegoen, eta lorategian sakabanatutako hainbat gauza zeuden, saloian egon behar zutenak. Era berean, egiaztatu ahal izan dute autoaren giltzak eta ibilgailuan aurkitutako zenbait tresna etxean lapurtu zituztela lotan zeudela. Informazio horien ondoren, bi susmagarriak atxilotu dituzte.

Bestalde, autoaren gidariari eginbideak ireki zaizkio, bide-segurtasunaren aurkako ustezko delitu batengatik ikertu gisa, gidabaimena inoiz ez lortzeagatik eta substantzia estupefazienteen eraginpean egoteagatik, droga-proban positibo eman baitzuen.

Bi atxilotuak, jatorri magrebtarrekoak, 20 eta 23 urtekoak, epailearen esku utziko dituzte beharrezko polizia-eginbideak amaitzean. Biek polizia-aurrekariak dituzte ondarearen aurkako delituengatik.