• Dispositiboak bostehun pertsona inguru artatzen ditu urtean; gehienak etxegabetasun-egoeran edo infraetxean bizi direnak, eta osasun mentaleko eta adikzioetako arazo larriak dituztenak.
• Artatutako pertsonen profil nagusia zertxobait aldatu da beste urte batzuetako txostenetako datuekin alderatuta, eta honako hau da: gizona, 18 eta 35 urte bitartekoa eta pregabalinarekiko adikzioa duena, nerbio-sistemarekin lotutako hainbat patologiatarako erabiltzen den medikamentua.
Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak argitara eman du ERDU programaren 2025eko balantzea. Programa hau EAEn gizarte-kalteberatasun handiko egoeran dauden eta adikzioak dituzten pertsonei arreta emateko baliabide komunitarioa da. Txostenak berretsi egiten du pandemian hasitako eredua areagotu egin dela, eta erakusten du muturreko bazterkeria-egoeran dauden 500 pertsona inguruk laguntza intentsiboa jasotzen dutela urtero kalean eta baliabide komunitarioetan. «ERDU arreta sozial eta sanitarioko gure sarearen funtsezko elementua da gaur egun. Beste ate batzuk itxita dauden lekura iristen da, eta bestela sistema guztietatik kanpo geratuko liratekeen pertsonei laguntzen die, komunitate inklusibo bat areagotuz», azpimarratu du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak.
Larritasun sozial, sanitario eta adikzio handia
ERDUk 2025ean artatutako pertsonen profila oso konplexua da: gehienak (% 86) etxerik gabe edo infraetxeetan daude, kontsumo-ibilbideak oso kronifikatuta daude eta osasun mentalean eragin handia dute. 2025eko bilakaera-txostenak egiaztatzen duenez, lagundutako hamar pertsonatik bederatzik (% 89,01) adikzio aktiboa dute, eta erdiek baino gehiagok patologia duala (% 53,02). Horrek berresten du lotura estua dagoela osasun mentalaren eta adikzioen artean, programaren aurreko memorietan ikusi zen bezala.
Substantzia nagusia pregabalina da, nerbio-sistemarekin lotutako hainbat patologiatarako erabiltzen den medikamentua, kasuen erdia baino gehiago biltzen dituena; ondoren, alkohola, kanabisa, kokaina eta heroina daude, ordena horretan. «Kontsumo-urte asko metatzen dituzten pertsonez ari gara, osasun-arazo larriak dituztenez eta familia eta gizarte-sareak ia erabat hausten dituztenez hurbiltasunezko esku-hartzeak konfiantza sortzeko eta, pixkanaka, irteteko bideak irekitzeko aukera ematen digu «, azpimarratu du Melgosak.
460 pertsona baino gehiago artatu dira eta hamar helburutik zortzi bete dira
2025ean, ERDUk 464 pertsona artatu ditu hiru lurralde historikoetan, eta arreta-bolumenari eutsi dio, ia mila pertsona urtean, programa erabat hedatu zenetik. Emaitzen datuek erakusten dute hurbileko esku-hartze komunitarioa eraginkorra dela: hamar kasutatik zortzitan, gutxi gorabehera, pertsonarekin hitzartutako helburuak betetzen dira (osasun-hobekuntzak, kontsumoen murrizketa, baliabideetarako sarbidea, egoitza-egonkortzea, etab.). Atzerritar nazionalitateko biztanleen artean – artatutako pertsona gehienak dira –, amaiera positiboaren tasak are handiagoak dira.
Programaren eragina oinarrizko eskubideak eskuratzeko aukera hobetzean ere islatzen da. Laguntza-prozesuetan, kontsumo aktiboak dituzten pertsonen ehunekoa nabarmen murrizten da, eta gora egiten du erroldatzea, diru-sarrera erregularrak izatea, egoitza-baliabideak eskuratzea eta osasun-sarearekin eta gizarte-zerbitzuen sarearekin modu egonkorrean lotzea lortzen dutenen kopuruak.
Pertsonak dauden tokira iristen den programa
ERDU hurbileko arreta soziosanitarioko programa komunitario espezializatua da. Lantaldeak pertsonak dauden tokietara joaten dira: kalea, aterpetxeak, eskakizun txikiko baliabideak, jantoki sozialak, eguneko gailuak, osasun mentaleko zentroak edo oinarrizko gizarte-zerbitzuak, besteak beste. Dispositiboak gizarte eta osasun-sistemen arteko interfaze gisa jarduten du, eta koordinazioa errazten du udaleko gizarte-zerbitzuekin, osasun mentaleko sarearekin, adikzio-zentroekin, Lanbiderekin, Ertzaintzarekin eta hirugarren sektoreko erakundeekin. Horrela, zaintzen jarraitutasuna hobetzen da eta pertsona kalteberenek beren eskubideak baliatzea errazten da.
Esku-hartzeak hiru ildo nagusi ditu:
• Gizarte eta osasun-sistemarekiko konexioa, prestazioak, erroldatzea, dokumentazioa eta baliabideak eskuratzen lagunduz.
• Osaun, hezkuntza eta arreta psikologikoa, motibazio-lanarekin, arriskuak eta kalteak murriztuta zein tratamenduekiko atxikiduran lagunduta.
• Komunitatearen ikuspegian oinarritutako gizarte-laguntza intentsiboa, pertsonaren ingurune hurbilarekin eta auzoko edo udalerriko baliabideekin lan eginez.
Gero eta profil gazteagoa
2025eko memoriak erakusten duenez, programak gehienbat gizonei ematen die arreta (% 92), baina kalteberatasun handiko egoeran dauden emakumeen presentziak esku hartzeko gune espezifikoa izaten jarraitzen du (% 8). Adin-tarte adierazgarrienak 18 eta 35 urte bitartekoak dira (18 eta 25 urte bitartekoak, %25, eta 26 eta 35 urte bitartekoak, %38); horrek esan nahi du kontsumo problematikoak dituzten pertsonak gazteagoak direla bazterkeria larriko testuinguruetan.
Era berean, lagundutako pertsonen zati handi batek atzerriko nazionalitatea du. Datu horren ondorioz, programak beste baliabide espezializatu batzuekin koordinatuta heltzen die premia gehigarriei (administrazio-egoera irregularrak, hizkuntza- eta kultura-oztopoak, laguntza-sarerik ez izatea). «ERDUk gazteen artean muturreko bazterkeria-egoerak goiz detektatzeko eta gure erantzunak egokitzeko aukera ematen digu, substantzien kontsumo problematikoa bizitza osorako sufrikarioa izan ez dadin», adierazi du sailburuak.
2026ra begira: eredua finkatzea eta indartzea
2026ra begira, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak ERDU finkatzea eta indartzea aurreikusten du, urtean 300.000 euro inguruko zuzkidura ekonomikoa mantenduz eta taldeen antolamendua doituz 2025ean hautemandako beharrei hobeto erantzuteko, bai lurralde-estaldurari dagokionez, bai talde-lanari eta beste baliabide batzuekiko koordinazioari dagokienez. «Gure konpromisoa argia da: giza eskubideen ikuspegia, kalteen murrizketa eta ikuspegi komunitarioa uztartuko dituen hurbileko arreta garatzen jarraitzea, komunitate inklusibo bat bultzatuta. ERDUk erakusten du, testuinguru oso gogorretan ere, loturak, osasuna eta bizi-proiektuak berreskura daitezkeela «, esan du Melgosak.
ERDUri buruz
ERDU – Adikzioetan Hurbiltasunez Esku Hartzea – Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak bultzatutako programa bat da, Drogen Abusua Ikertzeko eta Prebenitzeko Gipuzkoako Elkartearekin (Agipad), Etorkintza Fundazioarekin eta Gizakia Fundazioarekin (Bizkaia) eta Jeiki Fundazioarekin (Araba) lankidetzan garatua. COVID-19aren pandemian sortu zen, adikzioekin lotutako arrisku-egoera berriei erantzuteko, eta Inor Atzean Utzi Gabe Funtsaren bidez finantzatutako Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategian sartzen da.
