Eusko Jaurlaritzak LEADER 2025 laguntzak ebatzi ditu 148 proiektu diruz lagunduta 6,2 milioi eurotik gorako zenbatekoaz

Eusko Jaurlaritzak LEADER 2025 laguntzak ebatzi ditu 148 proiektu diruz lagunduta 6,2 milioi eurotik gorako zenbatekoaz
  • Laguntzek landa-eremuko ekintzailetza, dibertsifikazio ekonomikoa eta enpleguaren sorrera babestuko dituzte
  • Amaia Barredo sailburuak azpimarratu duenez, “eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalen inplikazio zuzenak lurralde bakoitzaren benetako beharrei erantzun eraginkorragoa bermatzen du”

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak LEADER 2025 laguntzen deialdia ebatzi du. Dirulaguntza-lerro horren helburua landa-eremuen garapen ekonomiko eta soziala bultzatzea da, proiektu ekintzaileei lagunduz, jardueren dibertsifikazioa sustatuz, enpresa-inbertsioak eginez eta enplegua sortuz. Guztira, ebatzitako deialdiak landa-eremuko 148 proiektu babestuko ditu, eta laguntzen guztizko zenbatekoa 6.245.430,00 eurokoa da.

Laguntza hauek pertsona fisiko zein juridikoei zuzenduta daude, publiko zein pribatuak izan, landa-eremuan proiektuak garatzen badituzte, eta lau jarduketa-lerro nagusitan egituratzen dira: ekintzailetzaren eta barne-ekintzailetzaren sustapena, nekazaritzaz kanpoko enpresetan egindako inbertsioak eta nekazaritza-dibertsifikazioa, besteren konturako kontratazioa, eta jarduera ekonomiko eta sozialetarako espazioen egokitzapena.

Deialdia LEADER estrategia europarraren baitan kokatzen da, eta helburu nagusia da landa-eremuaren lehiakortasuna indartzea, ekimen ekonomiko jasangarriak sortu eta sendotzea, eta lurraldean biztanleria finkatzen laguntzea.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok azpimarratu duenez, “LEADER 2025 laguntzak funtsezko tresna dira landa-ingurune bizia eraikitzen jarraitzeko, enplegurako eta ekintzailetzarako aukera errealekin, talentua erakartzeko eta atxikitzeko gai dena, eta jasangarritasunean eta berrikuntzan oinarrituta bere ekonomia dibertsifikatzeko”. Halaber, Barredok nabarmendu du dirulaguntza hauek “landa-ingurunean bizi-proiektua garatzearen aldeko apustua egiten duten pertsonak eta erakundeak laguntzea ahalbidetzen dutela, lurralde-kohesioa eta hiri- eta landa-eremuen arteko oreka indartuz”.

Proiektu motak

Landa-ekintzailetza bultzatzeko 59 proiektu babestu dira

Ekintzailetzari lotutako lerroak 59 proiektu diruz laguntzea ahalbidetu du, landa-eremuan enpresa-ekimen berriak sortzera bideratuak. Jarduera hauek jarduera ekonomikoa sortzen laguntzen dute, berrikuntza sustatzen dute eta biztanleria finkatzen laguntzen dute, bereziki gazteen eta pertsona ekintzaileen artean.

Dibertsifikazio ekonomiko eta agrariorako 66 proiektu diruz lagundu dira

Nekazaritzaz kanpoko enpresetan egindako inbertsioei edo nekazaritza-dibertsifikazioari laguntzeko lerroak 66 proiektu babestu ditu, landa-eremuaren oinarri ekonomikoa zabaltzera eta dibertsifikatzera bideratuak. Lerro hau funtsezkoa da ekoizpen-sarearen lehiakortasuna indartzeko, lehen sektore tradizionalarekiko mendekotasuna murrizteko eta aukera ekonomiko berriak sortzeko.

Besteren konturako kontratazioa sustatzeko 9 proiektu

Besteren konturako kontratazioaren esparruan, deialdiak 9 proiektu babestu ditu, landa-eremuetan enpleguaren sorrera eta mantentzea sustatzeko helburuarekin, lan-egonkortasunari eta biztanleriaren sustraitzeari lagunduz.

Espazio publikoak egokitu eta hobetzeko 14 proiektu

Azkenik, espazio publikoak egokitzeko lerroak 14 proiektu finantzatzea ahalbidetu du, erabilera kolektiboko azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko xedez. Jarduera hauek gizarte-kohesioa indartzen dute, bizi-kalitatea hobetzen dute, eta landa-udalerriei jarduera sozial, kultural eta komunitarioak garatzeko espazio egokiak eskaintzen dizkiete.

Deialdi berri honekin, Eusko Jaurlaritzak landa-garapen jasangarriarekin duen konpromisoa berretsi du, Euskadiko landa-udalerrietan jarduera ekonomikoa, enplegua eta bizi-kalitatea sortzen dituzten ekimenak babestuz.

Datozen egunetan, Tokiko Ekintza Taldea den Mendinet taldeak, LEADER laguntza Tokiko Garapen Parte-hartzaileko Estrategiara egokitzeko ardura duenak, espediente bakoitzaren ebazpena jakinaraziko die onuradunei.