-
Aste hauetan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideekin batzartuko da.
-
Ekarpenak aurkezteko epea urtarrilaren 16ra arte egongo da zabalik, eta hilaren amaieran hasiko da plana izapidetzen.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileekin bilduko da datozen asteetan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan (ZTBP 2030) eguneratua aurkezteko eta haien ekarpenak eta iritziak jasotzeko.
Sailburuaren hitzetan, “bilerak Sailaren hasierako proposamena zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sistemako eragileekin kontrastatzeko balioko dute eta, horrela, plan eguneratuak gure herriaren erronkei behar bezala erantzuten diela bermatzeko”.
Eguneratutako planari ekarpenak aurkezteko epea datorren urtarrilaren 16ra arte egongo da zabalik, eta, hilaren amaieran, ZTBP 2030aren izapidetze ofizialari ekingo zaio. Planak datozen bost urteetan zientziak, teknologiak eta berrikuntzak Euskal Autonomia Erkidegoan izango duten ibilbidea definituko du.
COVIDaren pandemiaren ondoren gertatu diren aldaketa sozial eta ekonomikoek, Europako gerrak, nazioarteko ordena ekonomikoaren zatiketa gero eta handiagoak, populismoen aurrera egiteak, eta adimen artifiziala bezalako teknologia disruptiboen agerpen azkarrak nabarmen aldatu dituzte ezagutza aurreratua sortu eta aplikatzeko baldintzak. Aldaketa horiek agerian utzi dute gure gizarteen zaurgarritasuna, bai eta zientzia, teknologia eta berrikuntzaren izaera estrategikoa ere, erresilientzia, lehiakortasuna eta ongizatea bermatzeko.
ZTBP 2030aren eguneratzeak Europako esparruaren eta euskal sistemaren beraren bilakaerari ere erantzuten dio. RIS4rako trantsizioa, X. Esparru Programak aipatzen dituen orientabide berriak -garrantzia handiagoa ematen zaie lehiakortasunari, berrikuntza eraldatzaileari eta erronka sozialei- eta Euskadi 2030 Industria Planarekiko eta Osasunaren Euskal Itunarekiko beharrezko koherentziak ezinbesteko egiten dute Plana berriz definitzea.
Horrela, eguneratutako planak zientzia bikaina, lidergo industriala eta trantsizio handietara bideratutako berrikuntza integratzen ditu, ongizatea, gizarte-kohesioa eta inpaktua garapenaren ardatz gisa esplizituki txertatuz.
Lau lerro estrategiko
Eguneratutako ZTBPk lau lerro edo ildo estrategiko handiren inguruan antolatzen ditu bere ekintzak. Lehenengoak zientzia bikaina du ardatz, eta arreta berezia jartzen dio IKUR estrategiari. Estrategia horren bidez, eragin ekonomikoa eta soziala sortu nahi da abangoardiako esparruetatik abiatuta, hala nola, adimen artifiziala, superkonputazioa, zientzia eta teknologia kuantikoak, bio eta neurozientziak eta neutronikatik.
Bigarren ildoa industriaren lehiakortasunean eta lidergoan oinarritzen da, eta sektore estrategiko traktoreak eta sortzen ari direnak Euskadi 2030 Industria Planean zehaztutako lehentasunekin integratzen ditu. Era berean, Osasunaren Euskal Itunarekin ere bat egiten du, zehazki, bost arlo lehenesten dituen I+G+Barekin: onkologia, gaixotasun kardiobaskularrak, osasun mentala, gaixotasun neurodegeneratiboak eta gaixotasun arraroak eta diagnostiko genetikoa.
Berrikuntzaren Itsasargien estrategia
Hirugarren lerroak berrikuntza jorratzen du, Berrikuntzaren Itsasargien bidez. Itsasargien zeharkako estrategiak gizarteak egun bizi dituen hiru trantsizio handiek (teknologikoa eta digitala, energia eta ingurumena eta osasuna eta soziodemografikoa) dakarzkiguten erronkei erantzutera bideratuta daude. Bederatzi itsasargi horiek (hiru trantsizio bakoitzeko) berrikuntza-politikak garatzen dituzten Eusko Jaurlaritzako sail guztiak inplikatzen dituzte, eta haien ekintzak Berrikuntza Funtsaren kontura finantzatuko dira.
Era berean, itsasargi horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile guztiak gidatzea lortu nahi da, datozen urteetarako lehentasunak eta estrategiak ezartzerakoan. Horregatik, itsasargiek artikulatzen dituzte ZTBP 2030aren egitura eta helburuak.
Eguneratutako planaren laugarren lerro estrategikoak prestakuntza, ezagutzaren sorrera eta goi-mailako kualifikazioa duten pertsonak erakartzea, sendotzea eta errotzea jorratzen ditu, horrela goi-mailako kualifikazioa duen talentuaren oinarria handitzeko eta aipatutako trantsizio hirukoitzak eskatzen dituen gaitasun zientifiko, teknologiko eta profesionalak indartzeko.
Azkenik, ZTBP 2030 eguneratuak komunitate-ikuspegi bat jasotzen du, gizarte-kohesioa sendotzeko eta herritar guztiengana iritsiko den eta etorkizunera proiektatuko den garapena sustatzeko.
