Ertzaintzak 20 urteko gazte bat atxilotu du gaur, ostirala, goizaldean Bilbon, hostel bateko geletako batetik bezero bati autoaren giltzak lapurtu eta auto horretan harrapatu ondoren. Atxilotuak establezimendu berean ostatu hartuta zegoen beste pertsona baten hainbat kreditu-txartel eta dirua zeramatzan.
Gaur goizaldeko bostak baino lehentxeago, Ertzaintzari jakitera eman diote lapurreta egin dutela Bilboko hostel batean. Antza denez, gela bateko bezero bat ohartu da autoaren giltzak falta zitzaizkiola, eta aparkatuta utzitako lekura joan denean, lapurtu egin dutela egiaztatu du. Aldi berean, establezimendu berean ostatu hartuta zegoen beste pertsona batek salatu du hainbat kreditu-txartel eta eskudirua lapurtu dizkiotela.
Bizkaiko hiriburuan zaintza-lanetan ari zen herritarren babeserako patruila batek handik laster aurkitu du ustez lapurtutako ibilgailua Unibertsitateen etorbidean aparkatuta, eta barruan pertsona bat zegoela egiaztatu du. Gizona identifikatu egin dute, eta agenteek ikusi dute autoaren maletategian lapurreta salatu duen gizonaren ekipajea zegoela, eta susmagarriaren gauzen artean beste biktimaren txartelak eta dirua aurkitu dituzte.
Horren aurrean, eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, 20 urteko gaztea, espainiar nazionalitatekoa, atxilotu eta polizia-egoitzara eraman dute beharrezko izapideak egiteko, epailearen eskuetan jarri aurretik.