Ertzaintzak lau gazte atxilotu ditu gaur, igandea, goizaldean, kalteak eta desordena publikoak eragitea egotzita, trenbidean barrikada bat jarri eta Euskotrenen sareko unitate batean pintadak egin ondoren, Bediako geltokian. Polizia-dispositibo baten ostean, lau akusatuak Asteitza auzotik gertu atzeman dituzte, alde egiten saiatzen ari ziren auto batean.
Gertakariak gaur, igandea, goizaldeko 00:15ak aldera izan dira, Bedian (Bizkaia).
Ordu horretan, herritarrak babesteko lanetan ari ziren Durangoko ertzain-etxeko zenbait baliabideri Euskotrenek Barroeta auzoan duen geltokira joateko eskatu zaie, Euskotreneko aginte-postuari atxikitako langileek SOS DEIAK-112 telefonora deitu baitute.
Geltokiko segurtasun-zaintzaile baten eta Bilbo-Donostia ibilbidea egiten ari zen tren bateko makinistaren testigantzaren arabera, hainbat pertsona ikusi zituzten beltzez jantzita eta kaputxadunak geltokiko nasetako batean zain.
Trena une batez arauzko geldialdi bat egiten ari zela aprobetxatuz, kaputxadunek palet bat bota zuten trenbidera trenaren aurrealdearen parean, barrikada modura, Euskotrenen unitateak bere bidea jarraitzea galaraziz.
Era berean, elkarrekin eta modu koordinatuan jardunez, eta trenari zirkulatzen jarraitzea eragotzi ondoren, kaputxadun pertsonak trenbidera sartu ziren grafitiak egiteko eta, ondoren, ihes egiteko.
Lortutako informazioarekin, Ertzaintzak polizia-dispositibo bat jarri du martxan Bediako geltokiaren inguruko hainbat puntutan. Horrela, dispositiboko baliabideetako bat Asteitza auzora joan da, eta industria-nabe baten atzealdean motorra itzalita baina oraindik bero zuen auto bat aurkitu du, erabili berri zuten seinale.
Baliabideak inguruan egon dira, norbaitek ibilgailu hori noiz erabiliko zain. 02:30 aldera, Ertzaintzak ibilgailua geldiarazi du Bediako Asteitza auzotik N-240 errepidera sartzen saiatzen ari zela.
Bertaratutako agenteek, ibilgailura hurbiltzean, pintura-usain handia sumatu dute, eta autotik irteteko eskatu diete lau bidaiariei. Ikusi dute guztiek pintura-orban berriak zituztela jantzietan.
Ibilgailua miatu ondoren, hainbat koloretako 32 pintura-esprai aurkitu dituzte ertzainek, tren-unitateko grafitietan ikusitakoekin bat zetozenak.
Gertakarietan parte hartu izanaren zantzu guztiekin, Ertzaintzak lau gizon atxilotu ditu, horietako bi 21 urtekoak, beste bat 20 urtekoa eta laugarren bat 18 urtekoa, guztiak espainiarrak, treneko pintadengatik kalteak eragiteagatik eta beste bat desordena publikoak eragiteagatik, trenbidea oztopatzeagatik.
Akusatuak Durangoko ertzain-etxera eraman dituzte beharrezko eginbideak egiteko, eta datozen orduetan eramango dituzte epailearen aurrera.