Lokalean substantzia sorgorgarriak saltzen ari zitekeela susmatuta, Ertzaintzak dispositibo bat ezarri zuen eta atzo miatu zuen, eta eskudirutan mila eurotik gora, 860 gramo haxix, kokaina eta marihuana kopuru txikiak aurkitu zituen, eta 43 urteko gizon bat atxilotu zuen.
Ertzaintzak zaintza-dispositibo bat ezarri zuen atzo, igandea, arratsaldean, Gasteizko erdialdeko kale batean dagoen okindegi batean drogarekin trafikatzen ari zitezkeela susmatuta.
Polizia-baliabideek egiaztatu zuten jendea establezimenduan sartu eta berehala irteten zela itxuraz saltokian saltzen ziren produktuetatik bakar bat ere erosi gabe, eta pertsona horietako batzuk agenteek ezagunak zituzten substantzia sorgorgarrien ohiko kontsumitzaileak izateagatik.
Ebidentzia horien aurrean, polizia-dotazioak establezimenduan sartu ziren, eta miatu zutenean bederatzi haxix-plaka (guztira 860 gramo), kokaina zuten zortzi poltsatxo (guztira 6,75 gramo), 0,40 gramo marihuana zituen poltsatxo bat, doitasun-balantzak eta eskudirutan mila eurotik gora aurkitu zituzten.
Hori dela eta, saltokiaren arduraduna, magrebtar jatorriko 43 urteko gizona, droga-trafikoagatik atxilotu zuten, eta polizia-egoitzara eraman zuten beharrezko eginbideak betetzeko. Horiek amaitu ondoren, datozen orduotan jarriko dute agintari judizialaren eskuetan.
Beste atxilotu bat adingabeei droga saltzeagatik
Bestalde, ertzainek espainiar nazionalitateko 20 urteko gazte bat atxilotu zuten joan den ostiral arratsaldean Gasteizen droga-trafikoa leporatuta, Arabako hiriburuko parke batean adingabeei haxixa saltzeagatik. Atxilotuari 75 gramo haxix, eskudirutan 765 euro eta doitasun-balantza bat konfiskatu zizkioten.