Ertzaintzak 26 eta 31 urteko bi gazte atxilotu ditu goizaldean Donostian, futbol-talde bateko kirolariei, entrenatzen ari ziren bitartean, telefono mugikorrak eta beste objektu pertsonal batzuk lapurtzea leporatuta.
Atzo, asteazkena, gaueko hamar eta erdiak aldera, Ertzaintzak jakin zuen lapurreta egin zutela futbol-talde baten aldageletan, Donostiako Martutene auzoan. Bertaratu ziren agenteek bildutako informazioaren arabera, jokalariak zelaian entrenatzen ari ziren bitartean sartu ziren lapurrak aldageletan, eta, aukeraz baliatuz, gutxienez bederatzi telefono mugikor, dokumentazioa, dirua eta beste hainbat objektu pertsonal lapurtu zizkieten.
Entrenamendua amaitu eta gertatutakoaz konturatu zirenean, klubeko arduradunek segurtasun-kameren bidez ikusi zuten lapurrak bi gizon gazte zirela. Berehala, patruila jarduleak inguruan hasi ziren gazteen bila, eta goizaldeko ordu bata inguruan aurkitu dituzte lapurren deskribapenarekin erabat bat zetozen bi pertsona abandonatutako eraikin batean sartzen ari zirenean.
Handik laster, agenteak eraikinean sartu dira eta geletako batean aurkitu dituzte kirolarien dokumentazioa, kreditu-txartelak eta beste hainbat gauza. Era berean, aldageletatik lapurtutakoak ez ziren beste objektu batzuk, besteak beste, telefono mugikorrak ere aurkitu dituzte, eta, dagokion salaketa jasota badago, beren jabeei itzuliko dizkiete.
Ebidentzia horien aurrean, 26 eta 31 urteko gizonak, biak magrebtarrak eta delitu-historia luzea dutenak, ondarearen aurkako delitu batengatik atxilotu eta polizia-egoitzara eraman dituzte, eta bertan egongo dira beharrezko eginbideak amaitu arte.