Atxilotu bat eta ikertutako bat Barakaldon izandako borroka baten ondorioz

Ertzaintzak gizon bat atxilotu eta beste bat ikertu du Barakaldoko bide publikoan, ezagutzen ez diren arrazoiengatik elkarri eraso egin ostean. Biek osasun-laguntza behar izan dute, eta horietako bat ospitaleratuta geratu da.

Gaur goizeko zortziak hogei gutxi aldera, ertzainak Fray Juan de Bilbao kalera joan dira, abisua jaso baitute, aurpegia odoletan zuen pertsona bat zegoela esanez.

Patruila batek magrebtar jatorriko 37 urteko gizon bat aurkitu du norabide horretan. Bi ebaki zituen bizkarrean, beste bat lepoan eta kolpe bat kopetan. Pertsona horrek azaldu dienez, ezagutzen zuen gazte batekin liskar bat izan zuen Barakaldon, eta gazteak eraso egin zion; ondoren, erasotzailearengandik ihes egin zuen, eta Bilbora joan zen. Antza denez, liskarrean arma zuriak erabili zituzten.

Zauriak direla eta, osasun-langileak eskatu dira zauritua artatzeko. Azkenean, Gurutzetako Ospitalera eraman dute, eta bertan ospitaleratu dute.

Handik gutxira, bigarren erasotzailea aurkitu zuten Barakaldon, ustez liskarra izan zen lekutik gertu. Susmagarriak ebaki bat zuen masailalbo-hezurrean eta beste bat besaurrean, eta gizon batekin liskar bat izan zuela aitortu du, eta horrek zauriak eragin zizkiola. Jarraian, atxilotu egin dute lesio-delitu bat egotzita, eta osasun-zentro batera eraman dute laguntza medikoa jasotzeko. Ondoren, ertzain-etxera eraman dute.

Gertakarian inplikatutako eta Gurutzetako Ospitalean ingresatutako beste pertsonari ere eginbideak ireki zaizkio, eta ikertu egin dute, lesio-delitu bat egotzita.

Atxilotua, 21 urtekoa eta jatorri afrikarrekoa, epailearen esku utziko dute beharrezko polizia-eginbideak amaitzen direnean.