Ertzainek bi emakumeri arma zuriz egindako erasoaren ustezko egilea atxilotu zuten atzo. Ostegunean gertatu zen erasoa, Lezaman. Taxi bateko gidariak bi biktimei lagundu zien eta ospitalera eraman zituen ibilgailuan. Ertzaintzak genero-indarkeriako gertakari gisa ikertu du kasua, biktimetako bat atxilotuaren bikotekide ohia baita.
Ertzaintzak ikerketa hasi zuen, ostegunean Lezaman bi emakumeri eraso egin zietela jakin ondoren.
Herritarrak babesteko agenteak 19:00ak aldera bertaratu ziren, abisu bat jaso ondoren. Lehen ikerketen arabera, gertaera aparkaleku baten inguruan izan zen. Bertan, gizon bat eta bi emakume eztabaidan hasi ziren, eta gizona haien atzetik hasi zen aizto batekin.
Horietako bati, estropezu egin eta lurrera erori zen, eta gizonak sastakatu egin zuen izterrean. Beste emakumeari berriz, erasotzaileak izterrondoan eta esku batean zauriak eragin zizkion arma zuriarekin. Borrokan, biktimek labana kentzea lortu zuten, eta gizonak auto batean alde egin zuen.
Taxilari bat ibilgailuarekin hurbildu zen bi biktimei laguntzeko, eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera eraman zituen berehala. Han, ebakuntza egin zieten eta atzo ingresatuta zeuden.
Erandioko ertzain-etxeko agenteek, lekukoek ziotenaren arabera gertakariak izan ziren lekua ikuskatu zuten. Han odol arrastoak zituen labana aurkitu eta jaso zuten, beste froga batzuekin batera. Ikerketari esker egiaztatu ahal izan denez, erasoa jasan zuen emakumeetako bat erasotzailearen bikotekide ohia zen.
Atzo, ostirala, arratsaldean, Ertzaintzaren patruilek gizon bat identifikatu zuten Barakaldon, bere burua zauritzeko asmoa izan zezakeelakoan, eta aurreko eguneko bi emakumeen aurkako erasoagatik bilatzen ari ziren pertsona zen. Gizona osasun-zentro batera eraman zuten, eta atxilotu egin zuten, ustezko hilketa saiakera egotzita. 32 urteko atxilotua magrebtarra da, baita bi emakumeak ere, 32 eta 27 urtekoak.
Atxilotua epailearen esku utziko dute polizia-eginbideak amaitutakoan.