- Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak antolatu duen jardunaldian krisialdiko jokabidea eta larrialdien arloko kalteberatasun handiko egoeren aurrean nola jokatu aztertu dute.
Eusko Jaurlaritzak “Euskadiko Udal Babes Zibileko Boluntarioen V. Topaketa” egin du Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko eta Larrialdiak Koordinatzeko zentroan. Jardunaldi tekniko horretan hainbat udalerritako 60 boluntariok baino gehiagok parte hartu dute. “Krisialdiko jokabidea, bere konplexutasuna eta mitoak” lelopean, bertaratuek larrialdi baten testuinguruan sor daitezkeen krisi pertsonalak, bereziki osasun mentalarekin zerikusia dutenak, aztertu dituzte.
Profesionalek krisialdiko jokabideei buruzko hiru hitzaldi espezializatu eman dizkiete boluntarioei, eta azaldu dute nola identifikatu eta zer ideia oker dauden horrelako egoeren inguruan. Gainera, krisi suizida baten aurrean jarduteko oinarrizko jarraibideak jorratu dituzte, bai eta lehen laguntza psikologikoko tresnak ere, egoera horietan laguntza emozional egokia eskaintzeko.
BOLUNTARIOTZA EUSKADIN
Boluntarioen elkarteak ezinbestekoak dira Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sisteman, herritarrek babes zibileko lanetan parte-hartzea bideratzen baitute. Haien laguntza desinteresatua, konpromisoa eta kualifikazio altua lagungarriak dira gure Erkidegoak segurtasun-maila handiagoa izateko.
Gaur egun 400 inguru dira hiru lurralde historikoetako tokian tokiko talde eta elkarteetan dauden Euskadiko boluntarioak, eta horiei batu behar zaie Gurutze Gorriari, DYAri, Euskadiko Laguntza Txakurren Taldeari, Euskal Espeleologoen Elkargoari eta VOST Euskadi Larrialdietarako Boluntario Digitalen Taldeari atxikitako boluntario multzo handia.