Ertzaintzako agenteek bi gizon atxilotu dituzte gaur goizaldean indarkeriaz egindako lapurreta-delitu bat egotzita, soinean zeraman poltsa lapurtzeko emakume bat jo eta lurrera botatzeagatik. Ertzainek bi susmagarriak aurkitu eta atxilotu dituzte gertakaria izan eta gutxira.
Lapurreta gaur, igandea, goizaldeko hirurak hogei gutxitan gertatu da, Basaurin. Jatorri latinoamerikarreko emakume bat Soloarte auzoan zebilen bi gizon hurbildu zaizkionean. Hainbat galdera egin ondoren, biktimari oldartu zaizkio, kolpeka, eta lurrera bota dute, poltsa kentzeko.
Lekuko batek biktimari lagundu dio eta Ertzaintzari lapurretaren berri eman dio. Hainbat patruila bertaratu dira, eta bi erasotzaileen bila hasi dira. Handik gutxira, Ertzaintzako agenteek erasotzaileetako baten deskribapenarekin bat zetorren gizon bat aurkitu zuten, edukiontzi batzuen atzean ezkutatzen saiatzen ari zenean, ertzainak ikusi zituenean.
Agenteek identifikatu egin dute, eta ikusi dute soinean zeraman arroparen zati batek odol-arrastoak zituela. Horrenbestez, atxilotu egin dute.
Handik gutxira, beste patruila batek bigarren inplikatua aurkitu zuen. Esku batean zauri bat zuen, eta atxilotu egin zuten. Atxiloketan, lapurretaren unean zeraman arropa harrapatu diote, aldatu egin bait zen odol arrastoak zituelako.
Bi atxilotuak, 19 urtekoak eta nazionalitate espainiarrekoak, ertzain-etxera eraman dituzte, beharrezko polizia-eginbideak egiteko. Amaitutakoan, epailearen esku utziko dituzte datozen orduetan.