Ertzaintzak 43 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo arratsaldean, sexu-askatasunaren aurkako delitua leporatuta. Atxilotuak labana batekin beldurtu zuen biktima, eta itotzen saiatu zen eta sexu-erasoa egin zion Barakaldoko eraikin abandonatu batean.
Erasoa joan den asteazken arratsaldean gertatu zen Barakaldoko Lutxana auzoko eraikin abandonatu batean, biktima eta erasotzailea gaua pasatzera joan zirenean.
Atxilotu duten gizona hasiera batean sexu-harremanak izaten saiatu zen beste gizonarekin, baina honek ezetz esan zion. Biak borrokan hasi zirenean, erasotzaileak biktima buruan jo zuen, itotzen saiatu zen eta, azkenean, labana lepoan jarrita mehatxatu zuen eta sexu-erasoa burutu zuen.
Indarkeriazko gertaera horren ondoren, erasotzaileak galarazi egin zion bertatik alde egitea biktimari, magrebtar jatorriko 21 urteko gizonari, hurrengo goizera arte, eta atzo, osteguna, arratsaldean salatu ahal izan zuen erasoa.
Gertatutakoaren berri izan bezain laster, Bilboko Ertzain-etxeko agenteek zegokion ikerketa hasi zuten ustezko erasotzailea identifikatu eta aurkitzeko, eta Bilbo Zaharrean atxilotu zuten.
Atxilotuak, magrebtar jatorriko 43 urteko gizonak, polizia-aurrekariak ditu antzeko delituengatik, eta gaur goizean bertan jarri dute epailearen eskuetan.