Ertzainek 24 urteko gizon bat atxilotu dute Arabako hiriburuan osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta, kokaina eta haxixa zuten hainbat bilgarri, ustez txikizkako salmentarako prestatutakoak, eta 420 euro atzeman ondoren.
Atzo, osteguna, arratsaldeko zortziak aldera, patruila bat arma zuriak eta objektu arriskutsuak detektatzeko eta droga-salmentaren eta -kontsumoaren aurkako prebentzio-lanetan ari zen Gasteizko Alde Zaharrean.
Agenteek gizon bat identifikatu zuten, eta kirol-jertse baten poltsikoetan hauts zuri bat, ustez kokaina, zuten plastikozko sei poltsatxo aurkitu zizkioten. Horrez gainera, haxixa zuten antzeko beste zortzi bilgarri eta substantzia beraren zati handiago bat zuen poltsatxo bat ere aurkitu zizkioten. Gerriko poltsa batean zeraman diru-zorroan 420 euro zeramatzan kopuru ezberdinetako billetetan.
Banako dosietan banatuta zeuden eta ustez txikizkako salmentarako prestatuta zituen droga horiek eta esku-dirua aurkitu izanaren ondorioz, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu batengatik atxilotu zuten.
Atxilotuak, magrebtar jatorriko 24 urteko gizonak, aurrekariak ditu jabetzaren aurkako egitateengatik, batez ere lapurretengatik, eta gaur, ostirala, eraman dute epaitegira polizia-izapideak amaitutakoan.