Gizon bat atxilotu dute Errenterian beste gizon bat hiltzen saiatzeagatik

Ertzaintzako agenteek 36 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, hilketa saiakera egotzita. Dirudienez, inplikatuak arma zuri batekin eraso egin zion beste bizilagun bati Errenteriako lokal batean, eta ospitaleratu egin behar izan zuten, eragindako lesioengatik.

Gertakariak hilaren 12ko gauean izan ziren, Errenteriako erdiguneko kale bateko lonja batean. Herritarren babeserako Ertzaintzaren patruilak bertaratu ziren, borroka baten berri izan ondoren.

Aipatutako lokalaren barruan hainbat pertsona zeuden, horietako bat magrebtar jatorriko 21 urteko gizon bat, toraxaren parean eta sorbalda batean odoletan, ustez arma zuri batekin eragindakoak. Berehala, osasun-baliabide bat eskatu zuten, eta biktima artatu eta Donostiako ospitalera eraman zuten.

Zaurituak eta bertan zeuden gainerako pertsonek emandako informazioarekin jakin ahal izan zenez, erasotzailea lokaleko beste bizilagun bat izan zen, erasoa egin ondoren ihes egin zuena. Antza denez, egun batzuk lehenago izandako liskar baten ondorioz borrokan hasi ziren biak.

Errenteriako ertzain-etxeak dagokion ikerketa abiarazi zuen, gertatutakoa argitzeko eta inplikatua aurkitzen saiatzeko.

Zaurituak bi egun eman zituen ospitalean, erasoan jasandako lesioen ondorioz.

Atzo, ostirala, ustezko egilea Donostiako hiriburuan aurkitu zuten, eta atxilotu egin zuten, hilketa saiakera egotzita. 36 urteko gizonezko magrebtarra epailearen esku utzi dute gaur goizean, larunbata, beharrezko polizia-eginbideak amaitu ondoren.