Ertzaintzak adingabe bat atxilotu du gaur goizaldean Areetan, lesio larrien delitu bat egotzita. Atxilotuak bi labankada eman dizkio biktimari lepoan eta bizkarrean, eta osasun-zentro batera eraman dute, larri zaurituta.
Liskarra goizaldeko ordu bata inguruan izan da, Getxoko Areeta auzoko parke batean. Patruilek jasotako testigantzen arabera, gazte bat, beste hiru lagunekin batera, banku batean eserita zeuden hiru mutilengana joan da, eta haiekin eztabaidatzen hasi da, jarrera oldarkorra erakutsiz. Labana bat atera ondoren, hiru gazteak korrika atera dira noranzko ezberdinetan, eta bietako bat harrapatu du, bi labankada jasota, bata lepoan eta bestea bizkarrean.
Gertaera horien ostean, ustezko egileak ihes egin du, eta hainbat herritar biktimari laguntza ematera joan dira. Ertzaintzako agente batek lepoan zuen zauria itxi du eta, handik gutxira, Larrialdi Zerbitzuek zauritua, 18 urteko espainiar bat, ospitalera eraman dute.
Bien bitartean, Ertzaintzaren patruilek Getxoko etxebizitza batean aurkitu dute ustezko egilea, eta bertan atxilotu dute. Pertsona horrek zauri bat zuen hankan, eta, horregatik, osasun-zentro batean artatu dute, poliziaren zaintzapean.
Adingabeen Fiskaltzari gertatutakoaren berri eman ondoren, atxilotua, 15 urtekoa eta nazionalitate espainiarrekoa, aske utziko dute beharrezko izapideak amaitutakoan.