Urtarrileko Udalbatzan, terrazen behin betiko ordenantza onartzeaz gain, Hondartza kiroldegiaren egoerari buruzko eztabaida izan da, EAJ-PNV udal taldeak kuoten zati baten itzulketa eskatzeko aurkeztutako mozioaren harira. Mozioa ez da aurrera atera, Abotsanitz eta EH Bilduren kontrako bozkekin, eta EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko botoekin.
Igor Enparan Araneta alkateak adierazi du Udal Gobernuak serio eta errespetuz jaso duela mozioa, eta ulertzen duela erabiltzaile askok bizi duten ezinegona. “Onartzen dugu zerbitzuen etenak kaltea sortu duela”, azpimarratu zuen. Hala ere, alkateak nabarmendu zuen ezin dela onartu mozioak iradokitzen duen irudia, alegia, azken urtean ezer egin ez duen eta utzikerian aritu den Udal Gobernu batena.
Testuinguru horretan, Enparanek azaldu du kiroldegiaren egungo egoera ez dela soilik 2025eko urtarrilean gertatutako sute baten ondorio zuzena: “Arazoa estrukturala eta azken urteetan pilatutako hainbat faktoreren emaitza: eraikinaren egoera teknikoa, segurtasun gabeziak, inbertsio atzeratuak eta, batez ere, kudeaketa-eredu baten kolapso ekonomikoa”.
Ildo horretan, alkateak ezinbestekotzat jo du Hondarribia Lantzen sozietatearen egoera ekonomikoa gogoraraztea. “2021eko kontuek 818.579 euroko galerak jaso zituzten, eta 2022koek, berriz, 2.005.169 eurokoak. Horren ondorioz, Kapital Sozietateen Legearen arabera, sozietatea disoluzio egoera objektiboan zegoen, egoera hori 2022ko kontuen onarpen txostenean espresuki jasota geratu zelarik. 2023ko kontuen onarpenean ere egoera bera mantentzen zela egiaztatu zen”.
Enparanen hitzetan, egoera horren aurrean Udalak ezin zuen beste aldera begiratu. Horregatik, 2024ko ekainaren 27an, Udalbatzak Hondarribia Lantzeneko Batzar Nagusiari sozietatea desegiteko eta likidazio-prozesua hasteko baimena eman zion, eta Hondartza kiroldegiaren kudeaketa berriro Udalaren eskuetara itzuli zen 2025eko abenduaren 19an, Hondarribia Lantzen sozietate publikoa behin betiko likidatu ondoren. Horrek kudeaketa publiko zuzeneko etapa berri bati hasiera eman diola azpimarratu zuen: “Kudeaketa zuzena berreskuratzea erabaki estrategikoa da zerbitzu publikoa indartzeko eta herritarrentzat instalazio seguruak eta kalitatezkoak bermatzeko”.
Eraikinari dagokionez, Enparanek gogorarazi du 1997tik martxan dagoen Hondartza udal kiroldegiak egiturazko eta gabezia tekniko handiak dituela. “Ez dira arazo puntualak; ia hiru hamarkadatan inbertsio-plangintza iraunkorrik eta mantentze-estrategia integralik ez izatearen ondorio dira. EAJ-PNVk gidatutako aurreko gobernuek ez zuten ikuspegi hori izan, eta horrek herritarrentzat funtsezkoa den azpiegitura publiko baten zahartze progresiboa eragin du”.
Udal-gobernuaren arabera, azken urteetan egindako txosten teknikoek “argi erakutsi dute egoerak esku-hartze integrala eskatzen duela”. DE LA HOZ ingeniaritza enpresak 2023ko ekainaren 3an aurkeztutako txostenak arazo larriak identifikatu zituen, besteak beste, hainbat gunetako arazo estrukturalak, fatxadaren egoera, sarrerako kristalezko plataformaren segurtasuna, bulegoetako hezetasun larriak, igerilekuaren estrukturan egin beharreko mantentze-lanak, beheko solairuan sortutako hezetasunak eta isolamendu beharra, eta igerilekurako pasabideen irristakortasuna.
Horri 2025eko urtarrilean gorputz-tratamendu gunean izandako sutea gehitu behar zaio. Sutearen ondoren, IDOM enpresak egindako auditoriak instalazio elektrikoan gabezia larriak atzeman ditu, eta eraikinaren sektorizazioa eta ebakuazio-ibilbideak indarrean dagoen araudira egokitzen ez direla ere egiaztatu du. “Horrek ezinezkoa egiten du instalazioa partzialki irekitzea edo konponketa azkarrak egitea, pertsonen segurtasuna eta Udalaren erantzukizun juridikoa bermatu gabe”, azpimarratu du Enparanek.
Udal gobernuaren arabera, mozioak marrazten duen geldialdiaren edo utzikeriaren irudia ez dator bat azken urteotan egindako lanarekin. Izan ere, Udalak eta zerbitzuaren enpresa kudeatzaileak hainbat inbertsio eta hobekuntza egin dituzte: kudeaketa-aplikazioa berritu da TicketBai sistemara egokitzeko; tenis eta padel pisten argiteria berritu da; sauna lehorreko egurrezko egitura berritu da; suteen aurkako hidrantea konpondu da; suteak detektatzeko sistema orokorra berritu da; barne-komunikazio sistema zentralizatu da; plaka fotovoltaikoak instalatu dira; eta instalazioen kudeaketa adimentsua ahalbidetzeko BMS sistema berritzeko proiektua idatzi da.
Bestalde, 2023an kargura iritsi bezain pronto, egungo gobernuak herritarren eskaerari erantzunez beharrezko inbertsioak egin zituen lau urtez itxita egon zen hidromasaje zerbitzua berriro martxan jartzeko. Enparanek gogorarazi du EAJ-PNVk gidatutako aurreko agintaldian hidromasajeak itxita egon arren ez zela inolako kuota-itzulketarik edo doikuntzarik egin. Tamalez, sutearen ondorioz, 2025eko urtarrilean gunea berriz itxi behar izan zen. Lupe Queiruga kirol zinegotziaren arabera, sutea “inflexio-puntu bat” izan zen, erabiltzaileen segurtasuna benetako arriskuan jarri zuena”. Ordutik hona, Udalak etengabe egin du lan aseguru-konpainiekin, eta dagokion likidazioa sinatuta dago jada.
Gaur egun, kaltetutako eremua osorik birgaitzeko proiektua lantzen ari da Udala. Proiektuak 2018an egindako dokumentu tekniko bat du abiapuntu, inoiz gauzatu ez zena, eta orain egokitu egin behar da bai indarrean dagoen araudira bai suteak agerian utzitako behar berrietara. Besteak beste, larrialdi-irteera bat sortzea, aldagela egokituak egitea eta gunea osorik egokitzea aurreikusten da, segurtasun-, irisgarritasun- eta eraginkortasun-estandar berrietara. “Orain arte, inbertsioak proiekturik eta segurtasun-fluxuen azterketarik gabe egin dira. Egungo gobernuak, ordea, behar bezala egiten du lan: proiektu zehatzekin eta plangintza globalarekin”, nabarmendu du Queirugak.
2026rako, Udalak ia 300.000 euro bideratu ditu kiroldegiko inbertsioetara, eta datozen hiru hilabeteetan zerbitzuaren funtzionamendu egokia bermatzeko kontratazio-prozesuak abiaraziko dira, bai eta erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten prezio publikoak arautuko dituen araudia onartu ere. Hori guztia irizpide tekniko eta juridikoekin egingo da, iraunkortasun ekonomikoa, zerbitzu osoa eta interes orokorra kontuan hartuta.
Kuoten itzulketari dagokionez, alkateak azpimarratu du Udal gobernuak enpatiaz begiratzen diola erabiltzaileen egoerari, baina ezin dela arinkeriaz jokatu. “Edozein konpentsazio-neurri hartu aurretik, beharrezkoa da irtenbide juridiko eta ekonomikoki bideragarria zehaztea; bestela, arriskua dago ondoren bete ezin diren itxaropenak sortzeko”.
Amaitzeko, Enparanek nabarmendu du Udala “sozietatea desegin, instalazioak bere gain hartu, egoera teknikoa aztertu, inbertsioak egin eta etorkizunerako oinarriak jartzen” ari dela. “Bidea ez da erraza, ezta azkarra ere, baina bide arduratsua da. Eta helburua bakarra da: Hondarribiak kiroldegi seguru, bideragarri eta etorkizunera begirakoa izatea”.
Andrea Villamor Sanchezen “Inauterietan sardinak hegan!” lana izango da 2026ko Hondarribiko Inauterien irudia. Guztira 15…
A* Jesús Garzaron/Gobierno de Navarra F* 2026_02_02 T* La vicepresidenta Alfaro presenta en rueda de…
Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez,…
Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari José Mª Aierdik Nafarroako ardoa «barietateen eta ekoizpen…
Trafikoaren zirkulazioa hobetzeko lanak hasi dira A-15 autobidean, Iruña Mendebaldeko ingurabidean. Nafarroako Gobernuaren jarduerak funtsezko…
Zangozako Udalak / urtarrilaren 29ko osoko bilkuran onartu du, talde guztiek aho batez, udal hiltegi…