26_0080 Ertzaintza pertsona bat ikertzen ari da Oiartzunen legez kanpoko matrikulak zituzten autoekin zirkulatzen bi aldiz geldiarazi ondoren

Ertzaintzako agenteek eginbideak ireki dizkiote ikertu gisa gidari bati dokumentuak faltsutzeagatik, azkenaldian Oiartzunen bi aldiz geldiarazi baitute beste auto batzuen matrikula-plakak zituzten ibilgailuekin.

Joan den urtarrilaren 27an ETEN – Gipuzkoako Trafiko Unitateko Errepideko Delituen Ataleko agenteek, Oiartzunen egiten ari ziren prebentzio-kontrol batean, egiaztatu zuten BMW markako auto batek Mercedes-Benz markako ibilgailu bati zegozkion matrikula-plakak zituela. Hori dela-eta, gidariari eginbideak ireki zizkioten ikertu gisa dokumentuak faltsutzeagatik.

Pertsona hori bera, europar jatorriko 42 urteko gizona, berriz geldiarazi zuten atzo, asteartea, Oiartzunen, beste auto baten matrikula zeraman beste auto batekin zirkulatzen ari zenean, eta berriz ikertu zuten, beraz, dokumentuak faltsutzearen beste delitu batengatik. 

ETENek egiaztatu ahal izan duenez, ikertutako pertsona Europako beste herrialde batzuetan, hala nola Belgika, Alemania edo Herbehereetan, aldi batez baja emandako ibilgailuen salerosketan aritzen den Portugalgo enpresa batekoa da, eta matrikula zaharrak edo baliokoak ez diren beste batzuk erabiltzen ditu esportazioan kostuak aurrezteko, hala nola garraioa edo zirkulazio baimena eta behin-behineko matrikulak.