Categorías: albisteak-berriak

NOUn azken belaunaldiko angiografo bat jarri dute doitasun-tratamenduetarako, segurtasuna hobetu eta ospitaleratze-denbora murriztearren

El consejero Dominguez visita el nuevo angiógrafo del Hospital de Navarra.

Fernando Dominguez Osasun kontseilaria Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko (NOU/HUN) Erradiologia Baskular eta Interbentzionistako Unitatean instalatutako angiografia gela berrian izan da gaur. Angiografo berriak mugimendu-gaitasun aurreratuak, irudi-kalitate handiagoa eta azken teknologiako prozesamendua eskaintzen ditu; horrela, doitasunezko tratamenduak modu inbaditzaile txikienean eta orbainik gabe egiteko aukera ematen du. Ondorioz, pazienteak azkarrago sendatzen dira, eta ospitaleratzeko denbora gutxiago behar izaten dute. Ekipamendu berriarekin aurreko plano bakarreko angiografoa ordezkatuko da, duela hamabi urtetik martxan dagoena.

Dominguez kontseilariak adierazi duenez, ekipo berri hau gehituko zaio 2023an erositako beste angiografo biplano bati, eta, horrela, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa “Espainian teknologikoki ondoen hornitutako unitateetako bat izango da. Azken belaunaldiko bi angiografia-gela izango ditu, eta zehaztasun handiagoa ez ezik, erradiazio-dosi txikiagoa ere eskainiko dutenez, pazienteei segurtasun handiagoa emango die”.

Era berean, Dominguezekin batera bisitan izan dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailea den Jon Guajardo, NOU/HUNeko zuzendari kudeatzailea den Estrella Petrina, Erradiologia Zerbitzuko burua den Luis Miranda eta Erradiologia Baskularreko eta Interbentzionistako Unitateko burua den Iñigo Insausti. Dominguezek zehaztu du ekipamendu berri hori eskuratzeko guztira 1.377.159 euroko inbertsioa egin dela, eta horietatik 1.093.840 euro angiografora bideratu direla, 230.102 euro aretoa egokitzeko obretara eta 53.217 euro espazioaren zuzkiduran sartzen den ekografora. Aretoa egokitzeko lanei dagokienean, klimatizazioaren instalazioa berritu da; horma, zoru eta sabaiei estaldura berria jarri zaie; esku hartzeko aretorako sarbide berriak egin dira ate automatiko blindatuen eta estankoen bidez; eta irudia digitalizatzeko sare-hartuneak eta sarbide informatikoak eskuratu dira.

Unitateak 4.000 paziente inguru artatzen ditu urtero 

Erradiologia Baskularrak eta Interbentzionistak nahiz Neuroerradiologia Interbentzionistak tratamendu zehatzak kirurgia irekirik gabe egiteko aukera ematen dute, prozedura gehienetan anestesia lokala erabiliz eta osatzeko denborak eta ospitaleko egonaldiak murriztuz. Horren barruan sartzen da iktusa izan duten pazienteen tratamendua edo odoluste arterial aktiboak eta hainbat patologia onkologiko dituztenena.

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Erradiologia Interbentzionistako Unitateak urtean 4.000 paziente inguru artatzen ditu; horietatik erdia, gutxi gorabehera, angiografiako bi geletan tratatzen da eta beste erdia ekografia baskular interbentzionistaren bidez. Aretoetan egindako jarduerari dagokionean, laurden bat inguru premiazko arretak dira. Bi angiografoetan gehien egiten diren jarduera-motei erreparatuta, 220 inguru iktusa izan duten pazienteak dira, 120 bat odoluste arteriak aktiboen kasuak eta beste 400 inguru tratamendu onkologiko espezializatuak jasotzen dituzten pazienteak; hala nola, erradioenbolizazioa (mikroesfera erradioaktiboak injektatzea tumore batzuk tratatzeko), larruazalean zeharreko ablazio tumorala (larruazalaren bidez eta gida ekografikoaren bidez orratz bat jartzea, beroaren bitartez, tumore-ehuna suntsitzeko), edo larruazalpeko gordailuak jartzea zain barneko tratamenduak administratzeko (port-a-cath), beste prozedura batzuen artean. Tratamenduez gain, unitatean bi mediku daude diagnostiko kardiobaskularra egiteko. Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko pazienteak artatzeaz gain, NOUko unitateak Errioxako erradiologia interbentzionistako larrialdiak eta komunitate horrek neuroerradiologia interbentzionistako tratamenduetan programatutakoak eta duen premiazko jarduera burutzen ditu.

Unitatea NOU/HUNeko Erradiologia Zerbitzuak sartzen da, eta medikuntzako 8 profesionalek, erizaintzako 9k, TCAE batek eta zeladore batek osatzen dute. Unitateko kideen %80 baino gehiago emakumeak dira.

albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

26_0287 Emakume bat atxilotu dute Bilbon, lonja bati su emateagatik, bikotekidea barruan zuela

Bilboko udaltzainek 45 urteko emakume bat atxilotu dute, hilketa saiakera egotzita. Zenbait lekukok atxilotua, bikotekidea…

1 hora hace

Nafarroako 101 udalerrik homologatu dituzte suteen aurka jarduteko udal-planak

Foru Komunitateko 101 udalerrik dagoeneko badituzte Baso-suteen Arriskuari aurre egiteko Udal Jarduera Planak (PAMIF), Nafarroako…

1 hora hace

Irakasletzako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Musikako eta Arte Eszenikoetako Lan Eskaintza Publikoko probak ekainaren 19an hasiko dira

Hezkuntzak aurten deitu dituen maisu-maistren kidegorako oposizio-lehiaketako probak ekainaren 19an hasiko dira, ostirala, eta ekainaren…

1 hora hace

Nafarroako Gobernuak foru lege-dekretu bat onetsi du Ekialde Hurbileko krisiaren ondorio ekonomikoei erantzuteko

Foru Gobernuak foru lege dekretu bat onartu du asteazken honetan, Estatu Batuen eta Israelen erasoaren…

1 hora hace

Nafarroako Gobernuak kontuan hartu du Arroizko Udalaren helegitea, eta kautelaz bertan behera utzi du herrian egin nahi den biogas planta

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, AGR Biogás SA enpresari Arroizko udalerrian planta bat instalatzeko Ingurumen Baimen…

1 hora hace

Nafarroako Gobernuak 271 milioira arte luzatu du Inbertsio Programa proiektu estrategiko berriak bultzatzeko

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, 2025eko Inbertsio Programa eguneratzea eta zabaltzea onartu du, 2024ko aurrekontu superabitetik…

1 hora hace