- Lehendakariak ‘Leaders Meeting – Fit for the Future’ goi-bileraren bigarren edizioa inauguratu du Guggenheim Bilbao Museoan
- Topaketak Europako industria-lurralde nagusietako ordezkari politiko eta ekonomikoak bilduko ditu, eskualdeen arteko lankidetza indartzeko eta Europaren autonomia estrategikoan aurrera egiteko
Imanol Pradales Lehendakariak, Flandriako ministro-presidente Matthias Diependaelerekin batera, Bilbon gaur eta bihar egingo den Europako industria-arloko ‘Leaders Meeting – Fit for the Future’ goi-bileraren bigarren edizioa inauguratu du gaur arratsaldean. “Une erabakigarri batean bizi gara. Europako etorkizuna dago jokoan. Gureak bezalako eskualde, lurralde eta nazio industrialen gaitasunak funtsezkoak dira mundu ezegonkor eta zalantzazko honetan Europako proiektuaren biziraupena bermatzeko”, nabarmendu du Lehendakariak Guggenheim Bilbao Museoan egin den hasiera-ekitaldian.
Inaugurazio-saioan, parte hartuko duten 14 lurralde industrialetako ehun ordezkari politiko eta ekonomiko baino gehiago bildu dira, eta bertan izan dira Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusi Ander Caballero eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias.
Lehendakariaren hitzetan, “Europako berrindustrializazioaz hitz egitea gure eta gure seme-alaben ongizatearen etorkizunaz hitz egitea da. Gure enplegu-motorraz eta bizi-kalitateaz hitz egitea da”. Hori dela eta, Pradalesek defendatu du lankidetza indartu behar dela, “Europako lehiakortasuna, berrikuntza eta autonomia teknologikoa finkatzeko”, eta hori da, hain zuzen ere, ‘Leaders Meeting – Fit for the Future’ goi-bileraren helburu nagusia.
Bihar, asteartea, hilak 10, foro ekonomiko eta politiko nagusia eta sektore pribatuaren topaketa berezia egingo dira Euskalduna Jauregian. Bertan, 40 kluster inguru bilduko dira hiru esparru teknologiko estrategikoren inguruan: teknologia garbiak, teknologia digitalak (hala nola adimen artifiziala eta kuantikoa) eta biozientziak.
Jardunaldiari amaiera emateko, ‘2026ko Bilboko Adierazpena’ sinatuko da. Horren bidez, lurralde, eskualde eta nazio industrial sinatzaileek Europa lehiakorrago, berritzaileago, jasangarriago eta kohesionatuago baten alde hartu duten konpromisoa berretsiko da.