Ertzainek gizon bat atxilotu zuten atzo Arratzun (Bizkaia), osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta. Gizona zaintza- eta jarraipen-dispositibo batean atxilotu zuten, substantzia sorgorgarriekin trafikatzen ari zitekeela susmatzen baitzuten. Bere etxea miatu zutenean, 600 gramo kokaina eta droga-salmentakoak izan zitezkeen 7000 euro aurkitu zituzten.
Ikerketa joan den abenduan hasi zuten, Ertzaintzak Gernika-Lumoko industrialde batean toxikomanoen joan-etorria detektatu zuenean. Ikerketaz arduratu ziren agenteek zaintza-dispositibo bat ezarri zuten, eta auto baten gidariak egindako substantzien salerosketa-operazioak ikusi zituzten.
Gernikako Ertzain-etxeko ikertzaileek susmagarria zaintzeko eta hari jarraipena egiteko dispositibo bat ezarri zuten, eta egiaztatu zuten hainbat toxikomano harekin harremanetan jarri zirela droga lortzeko.
Polizia-baliabideek atzo, asteazkena, identifikatu zuten susmagarria autoan Arratzun zihoanean. Autoa miatu zutenean, 19 kokaina-dosi aurkitu zituzten barruan ezkutatuta. Ebidentzia horien aurrean, susmagarria, espainiar nazionalitateko 68 urteko gizona, atxilotu zuten droga-trafikoa leporatuta.
Gero, Nabarnizen, atxilotuaren etxea miatu zutenean, 600 gramo kokaina, bi doitasun-balantza, ontziratzeko makina bat, substantziak banatzeko elementu batzuk eta 7000 euro zituzten bi kutxa gotor aurkitu zituzten.
Atxilotua Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten beharrezko polizia-eginbideak betetzera, eta, horiek amaitutakoan, epailearen eskuetan jarri zuten.