Ertzainek 19 urteko gazte bat atxilotu dute Arabako hiriburuko kale batean oinez zihoan emakume bati diru-zorroa ebastea leporatuta. Partikular batek eta uniforme gabeko patruila batek esku hartu izanari esker atxilotu ahal izan dute lapurra.
Atzo, asteartea, goizeko hamaika eta erdiak aldera, biktima Gorbea kalean oinez zihoanean, gertatu zen lapurreta. Emakumea, 78 urtekoa, konturatu zen pertsona bat atzetik hurbiltzen ari zitzaiola, eta apur bat berarekin talka egin zuen. Jarrera hura gaitzetsi ondoren, emakumeak bere bidean jarraitu zuen.
Handik pixka batera, gazte bera emakumearengana hurbildu zen, eta bigarren aldi horretan poltsan zeraman diru-zorroa kentzea lortu zuen. Ebasketa ikusi zuen oinezko batek berehala esku hartu izanari esker, berreskuratu ahal izan zuen dirua eta dokumentazioa zituen diru-zorroa.
Koroatze auzoan herritarrak babesteko lanetan ari zen Ertzaintzaren uniforme gabeko dotazio batek emakumeen oihuak entzun zituen, eta bertatik aldendu nahian ari ziren pertsona bat seinalatzen zutela ikusi zuen.
Patruilak inplikatua geldiarazi zuen, eta behin eta berriz uko egin zion identifikatzeari. Biktimak eta lekukoak gertatutakoari buruz emandako informazioan oinarrituta, pertsona hori Ertzain-etxera eraman zuten ebasketa-delituagatik atxilotuta.
Atxilotua, magrebtar jatorriko 19 urteko gaztea, aurretik ere atxilotu izan dute antzeko gertaerengatik, eta, polizia-eginbideak amaitutakoan, aske utzi zuten eta laster agertu beharko du agintari judizialaren aurrera.