Berripill saioan, ESIko langileek susperraldian dagoen teknologia kuantikoen esparrua bertatik bertara ezagutu dute Javier Aizpuruaren eskutik, zeina DIPC zentroko Ikerbasqueko irakasle eta BasQ estrategiako zuzendari baita. Emandako hitzaldian, Aizpuruak modu dibulgatiboan azaldu du mekanika kuantikoaren oinarria, bai eta zehaztu ere teknologia-mota horiek zer diren eta nola eraldatu ditzaketen eremu biosanitarioko zenbait funtsezko arlo.
Saioan, Aizpuruak nabarmendu du Euskadik eginkizun estrategikoa betetzen duela gaur egun mekanika kuantikoa sustatzen, erakundeek, ikerketa-zentroek eta BasQ ekimenak batera koordinatzen duten lanari esker. Horrez gain, azpimarratu du teknologia horiek askotariko arloak eraldatu ditzaketela, hala nola farmako berrien diseinua, proteina nahiz dinamika molekularraren simulazioa, medikuntza pertsonalizatua eta ikerketa-prozesuen optimizazioa. Arlo guzti horiek berak ikertzen ditu, argiaren eta materiaren interakzio kuantikoa aztertuz. Halaber, adierazi du zeintzuk diren mekanika kuantikoak eraldatu ditzakeen osasun-arloak:
- Farmakoak aurkitzea eta diseinatzea: oso konplexuak diren erreakzio kimikoak eta molekulak simulatzea.
- Medikuntza pertsonalizatua: datu omiko eta klinikoak masiboki aztertzea.
- Genomika: mutazio eta korrelazio biologikoen ikerketa bizkortzea.
- Irudi medikoa: erresonantzia magnetikoa eta sentsorika-teknika sentikorragoak eta zehatzagoak.
- Ospitaleko logistika optimizatzea: aldagai anitzeko arazo konplexuak ebaztea.
Aizpuruak nabarmendu du mekanika kuantikoa ez dela urruneko etorkizuneko teknologia bat, baizik eta garapen-fase betean dagoen tresna bat, zeinak gaur egun metodo klasikoen bidez heltzeko ezinezkoak diren arazo konplexuak ebazteko ahalmena baitu. Ildo beretik, adierazi du oso garrantzitsua dela ikerketa-zentroak, erakundeak eta sektore estrategikoak lankidetzan aritzea hura baliatu ahal izateko; horixe da, hain zuzen ere, BasQ ekimenaren ikuspegia.
Horiek horrela, Euskadi gogotsu ari da teknologia kuantikoen garapena sustatzen BasQ estrategiaren bitartez, zeina Javier Aizpuruak zuzentzen baitu; horren harira, saioan nabarmendu du lurraldeak funtsezko zeregina duela esparru horretan. Adierazi du ere oso garrantzitsua dela Donostin dagoen IBM ordenagailu kuantikoa; izan ere, azpiegitura aparta da —munduan existitzen diren bakarrenetarikoa— eta horri esker ahalmen kuantikoak eta superkonputazio klasikoa uztartzen dira arazo konplexuei heltzeko. Hala, esan du Euskadiko zenbait ikerketa-talde baliabide hori erabiltzen hasi direla jada, Alzheimer-en gaixotasuna ikertzeko proiektua barne, eta frogatu da teknologia horiek ahalmen erreal eta hurbila dutela eremu biosanitarioan.
Saioa amaitzeko, eskuragarri dugun aukerari buruzko mezua helarazi du: “Euskadin hazten ari da ekosistema zientifiko eta teknologikoa, eta ezinbestekoa da horren gaineko prestakuntza, ikerketa nahiz berrikuntza zabaltzea, mekanika kuantikoa osasun-arloko kasuetan erabili ahal dadin”.