26_0137 Gasteizen atxilotu dute joan den otsailaren 17an adingabe bat sastakatu zuen gaztea

Ertzainek 20 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo Arabako hiriburuan, arma zuri batekin lesioak eragitea leporatuta. Biktima 17 urteko adingabea izan zen. Egindako ikerketari esker atxilotu ahal izan dute erasotzailea.

Ikertutako egitateak joan den asteartean, otsailaren 17an, gertatu ziren Gasteizko Zaramaga auzoan. Kalean oinez zihoan adingabe bati beste gazte bat hurbildu zitzaion eta, hitz-erdirik esan gabe, arma zuri batekin ebakia egin zion. Biktimak erasotzailearen bigarren eraso-saiakera bat saihestu ahal izan zuen, eta erasotzaileak ihes egin zuen.

Zauritua, asiar jatorriko 17 urtekoa, Txagorritxu ospitalean artatu zuten, eta suturako puntu batzuk eman behar izan zizkioten.

Ertzaintza egitatea ikertzen hasi zen, eta handik bi egunera identifikatu zituen arma zuriarekin egindako erasoarekin zerikusia izan zezaketen bi gizon. Berez, agenteek horietako bati gerrian zeraman sukaldeko labana bat kendu zioten.

Instrukzio-taldeak egindako ikerketek baieztatu zuten labanarekin harrapatu zuten gaztea, latinoamerikar jatorriko 20 urtekoa, zela erasotzailea, eta, azkenean, atzo, igandea, atxilotu zuten Gasteizko ertzain-etxean, lesio-delitu bat egotzita. Gaur, astelehena, Arabako hiriburuko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri dute.