Aldundiak ‘Bizkaia, adin guztientzako lurraldea’ indartu du eta parte-hartze aktiboa udalerri guztietara zabaltzeko deia egin du

Aldundiak ‘Bizkaia, adin guztientzako lurraldea’ indartu du eta parte-hartze aktiboa udalerri guztietara zabaltzeko deia egin du

Aldundiak Bizkaia lurralde kohesionatuagoa izaten jarraitzearen aldeko apustu garbia egin du. Helburu honekin jardunaldia egin du gaur, Bizkaiko Adinekoen Kontseiluarekin batera, Bizkaia adin guztientzako lurraldea programaren aurrerapenak eta onurak ezagutarazteko eta, aldi berean, udalerri gehiago 40 udalerri biltzen dituen ekimenarekin bat egitera animatzeko. Aldundiak 2016an sustatu zuen programa hau, Osasunaren Mundu Erakundeak hiri eta komunitate lagunkoiei buruz duen metodologian oinarrituta, eta hamar urteko etengabeko lanaren emaitza da. Helburua adineko pertsonak gizartean erabat integratzea da, euren udalerrietako bizi-baldintzen hobekuntzan subjektu aktibo, parte-hartzaile eta erantzunkide gisa jardun dezaten eta, horrela, benetako parte-hartzean, entzute aktiboan eta eraikuntza komunitarioan oinarritutako eredua indartu.

Zentzu komunitario hori da Elixabete Etxanobek, Ahaldun Nagusiak, topaketari ekiteko egindako ongietorrian agerian utzi duen ezaugarri nagusia: “Adinekook Bizkaia adin guztientzako leku atsegina izan dadin proiektuak eta jarduerak aztertu eta proposatu dituzue, ondoren elkarren artean diseinatzekoUdal teknikariekin batera egin duzue, herriz herri, lurralde osoan zehar sarea ehunduz. Lan partekatu horrek benetako aldaketak ekarri ditu; espazio irisgarriagoak eta hobeto pentsatutako zerbitzuak. Eguneroko bizitzan nabaritzen diren gauzetan. Hori izan da hamar urte hauetako lanaren arrazoia: pertsonen bizitza erreala hobetzea, eurekin kontatuz».

Bizkaia, adin guztientzako lurraldea Aldundiak sustatu, finantzatu eta koordinatutako proiektua da. Duela hamar urtetik hona udal, mankomunitate eta udal-partzuergoentzako laguntza-deialdia argitaratzen du urtero lurraldean lagunkoitasun-eredua ezartzea sustatzeko. Bizi-luzetasuna erronka bat delako, errealitate bat, baina baita aukera bat ere. «Urte gehiago bizitzea lorpen kolektiboa da; erronka urte horiek autonomia, eskubide gehiagorekin eta komunitatean biziko direla bermatzea da», adierazi du Etxanobek, ondoren Gizarte Ekintza Sailaren barruan Bizitza Luzearen eta Erronka Demografikoaren zuzendaritza nagusiaren sorrerak uste sendo horri erantzuten diola gogorarazteko. Zuzendaritza honetan Bizkairako bizi-luzetasunaren estrategia lantzen ari dira, «entzutetik, kontrastetik eta begiraden baturatik definituko dena, datuak, analisiak eta pertsonen esperientzia zuzena uztartuz», aurreratu du.

Topaketa Euskalduna Jauregian egin da eta izaera erabat parte-hartzailea izan du. Hala erakundeetako ordezkariek nola Adinekoen Kontseiluko trakzio-taldeko kideek eta adin guztietarako Bizkaia programari atxikitako hainbat udalerritako talde eragileetako kideek bertaratu diren 200 pertsona baino gehiagori parte-hartzeak inguruneak eraldatzen eta komunitateak indartzen dituela kontatu diete, eta agerian utzi dute lagunkoitasuna ez dela kontzeptu abstraktua, eguneroko bizitzan hobekuntza nabaria baizik: espazio irisgarriagoak, hobeto diseinatutako zerbitzuak eta harreman komunitario sendoagoak. Izan ere, programaren elementu bereizgarrietako bat adinekoak ez direla politika publikoen hartzaile pasiboak da, protagonista aktiboak baizik. Atxikitako herrietan kalean bertan lan egiten duten talde motorrek jarduketak aztertu, proposatu, kodiseinatu eta ebaluatzen dituzte, teknikariekin eta udaleko arduradunekin batera.

Lurralde-sare lagunkoia

Dagoeneko 40 udalerri atxiki dira, eta une honetan helburua bikoitza da: proiektua lurraldeko txoko guztietara zabaltzea eta talde motorren arteko lotura indartzea, elkarri laguntzeko eta konplizitatezko sarea osa dezaten. Zentzu horretan esku-hartze guztiak oraindik urratsa eman ez duten eta ekimen honetan parte hartzera batu ez diren udalerriak animatzera bideratu dira.

Erronka adineko pertsonen esperientziak, ezagutzak eta inplikazioak gizarte osoa hobetzen lagunduko duten sarea sendotzea da. Hain zuzen ere, ildo horretatik, Kontseiluaren laguntza funtsezkoa da adineko pertsonen iritzia entzuteko, kontrastatzeko eta ekarpenak egiteko gune gisa; izan ere, beharrak antzematen, proposamenak egiten eta programaren dimentsio komunitarioa indartzen laguntzen du. Aldundiaren eta Adinekoen Kontseiluaren arteko lankidetza honek esan nahi du «Bizkaian eraikitzen ari den eredua parte-hartzailea eta inklusiboa dela eta lurraldearen errealitatean errotuta dagoela. Erabakiak entzunez hartzen direla eta gobernantza partekatua praktika erreala dela esan nahi du, ez asmoen adierazpena», ziurtatu du Amaia Antxustegik, Gizarte Ekintzako diputatuak bere esku-hartzean.

Foru-erakundeak eta Kontseiluak ikuspegi argia dute: herritar guztien bizi-baldintzak hobetzeko  adineko pertsonak gizartean erabat integratzeko bidean aurrera egitea, subjektu aktibo, parte-hartzaile eta erantzunkide gisa. Gaurko topaketak indartu egin du apustu hori; erakundeen konpromisoa agerian uzten lagundu du, dagoeneko inplikatuta daudenen lana aintzatetsi du, eta mezu argia helarazi dio lurralde osoari: Bizkaiak erreferente izan nahi du pertsonekin eta adin guztietarako eraikitako bizi-luzetasunari buruzko politiketan. Izan ere, Bizkaia, adin guztientzako lurraldea ez da bakarrik programa instituzional bat, lurraldeak egiten duen apustua da; belaunaldiak batzen dituen, inguruneak hobetzen dituen eta komunitateak indartzen dituen proiektua da. Gizarte kohesioa ulertzeko gure modua da», aldarrikatu du Antxustegik. Horregatik, hasieratik, «Bizkaiko Foru Aldundiak konpromiso eta lidergo argia izan du zentzu horretan. Eta lidergo hori ez da sinbolikoa izan; urte hauetan guztietan eraginkorra, estrategikoa eta iraunkorra izan da.  Oso argi dugulako bizi-luzetasuna ez dela gai sektorial bat», esan du diputatuak.