Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuaren bitartez, Ana María Sánchez zuzendariaren ebazpena argitaratu du. Haren bidez, Euskadiko kontsumitzaileen antolakundeei 2026-2027 ekitaldietarako dirulaguntzak emateko oinarriak arautu eta deialdia egin da.
Deialdiak 2026an finantzatuko ditu Euskadiko kontsumitzaileen elkarteen funtzionamendu-gastuak eta laguntza juridikoa, eta indartu egingo du elkarte horiek herritarren defentsari eta asoziazionismoari ematen dioten laguntza. Aurrekontua, guztira, 505.820 eurokoa da, aurreko urtean bezala: 379.365 euro 2026an ordainduko dira eta 126.455 euro 2027an. Laguntzak lehiaketa bidez emango dira eta bi fasetan ordainduko dira: % 75 2026an eta gainerako % 25a 2027an, dagokion justifikazioa egin ondoren.
Deialdiak bi dirulaguntza-ildo ditu:
- ildoa: “Kontsumitzaileentzako arreta”
Entitateen funtzionamendu orokorretik eratorritako gastuak diruz lagunduko dira, honako jarduera hauek garatzeko:
- Kontsumitzaileen kontsultei erantzutea.
- Erreklamazioak kudeatzea eta kontsumo-harremanei buruzko gatazketan bitartekari-lanak egitea.
- Kontsumitzaileentzako prestakuntza- eta informazio-ekintzak.
- ildoa: “Laguntza juridikoa”
Diruz lagunduko dira antolakundeek kontsumitzaileei ematen dieten laguntza juridikoaren ondoriozko gastuak, hala nola:
- Aholkularitza juridiko propioarekin egindako kontsultak.
- Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean kontsumitzaileen eskubide eta interesak epaiketetan defendatzea.
- Kontsumitzaile guztientzako orientabide juridiko orokorrak.
- Bukarazte-akzioak aurkeztea.
Deialdi berri honen bidez, Eusko Jaurlaritzak kontsumitzaileen elkarteekin duen konpromisoa indartuko du.