Ertzaintzak talde antolatu bateko bi emakume atxilotu ditu Bilbon, Gernika-Lumoko bi etxetan, Mungiako lautan, Getxoko bitan eta Bilboko batean lapurreta egitea leporatuta.
Aurtengo urtarrilaren amaieran, Gernikako Ertzain-etxetik gorakada esponentziala detektatu zuten Mungiako eta Gernika-Lumoko etxebizitzetan egindako lapurretetan. Guztira, modus operandi bera erabiliz egindako sei lapurreta zenbatu zituzten mugape horretan, eta beste bi Getxon eta beste bat Bilbon.
Biktimek salaketetan emandako informazioaren bidez eta segurtasun-kamerak aztertuz, jakin ahal izan zuten lapurrak bi emakume zirela. Etxekoak kanpoan zeudela aprobetxatuz, etxeetan sartzen ziren irristatze-metodoaren bidez; atearen eta markoaren artean plastikozko xafla bat erabiliz giltzaz itxita ez zeuden sarrailak irekitzen zituzten. Etxeetatik eskudirua, bitxiak eta balio handiko jantziak lapurtzen zituzten.
Gernikako Ertzain-etxeko Ikerketa Taldeak ezarritako zaintza-dispositiboari esker, joan den astearte goizean, hilaren 24an, Bermeon detektatu zituzten bi emakumeak, eta bertatik garraio publikoan joan ziren Mungiara, eta handik Bilbora. Inplikatuei egindako jarraipenean, haien profesionaltasuna egiaztatu ahal izan zuten; izan ere, elkarren artean tartea utzita ibiltzen ziren poliziaren presentzia detektatu ahal izateko.
Europar jatorriko 22 eta 30 urteko bi emakumeak Bilboko taberna batean atzeman zituen Ertzaintzak. Identifikatu zituztenean, Italiako eta Serbiako dokumentazio faltsutua aurkeztu zuten. Ertzainek biak atxilotu zituzten etxeetan indarrez lapurreta egitea, talde kriminaleko kide izatea eta dokumentuak faltsutzea leporatuta.
Polizia-eginbideak amaitutakoan, epailearen eskuetan jarri zituzten.