26_0151 Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu Gasteizen pertsonen legez kanpoko trafikoagatik

Ertzainek bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen egindako trafiko-kontrol batean, pertsonen legez kanpoko trafikoa leporatuta. Bi pertsonak zihoazen furgonetan hamabost pertsona zeuden, baldintza osasungaitzetan.

Atzo, osteguna, goizaldeko 03:30ean, A-1 autobidean, Gasteizko udal-barrutian, garraio-kontrola egiten ari ziren Arabako Trafikoko Lurralde Unitateko agenteek Portugalgo matrikula zeraman furgoneta bat geldiarazi zuten.

Furgoneta barruan hamabost pertsona zihoazen guztira, baina mota horretako ibilgailuek gehienez bederatzi eraman ditzakete. Bidaiariak pilatuta eta osasungarritasun-egoera txarrean zeuden.

Furgonetan zihoazen bidaiari gehienek ez zuten dokumentaziorik eta, antza denez, aurrez diru-kopuru bat ordainduta Portugalera zihoazen modu irregularrean. Ertzaintza Polizia Nazionaleko Atzerritarren Atalarekin harremanetan jarri zen pertsona guztiak modu frogagarrian identifikatzeko.

Inguruabar horien aurrean, Gasteizko Ertzain-etxearen bertaratutako agenteek ibilgailuaren gidaria eta kopilotua atxilotu dituzte atzerriko herritarren eskubideen aurkako delitu bana leporatuta. Gidaria, asiar jatorriko 25 urteko gizona, Ertzaintzak iaz ere atxilotu zuen Villabonan migratzaileen legez kanpoko trafikoagatik.  

Bestalde, asiar jatorriko 22 urteko kopilotuak polizia-aurrekariak ditu Atzerritarrei buruzko Legea urratzeagatik.

Biak epailearen eskuetan jarriko dituzte polizia-eginbideak amaitutakoan.