26_0156 Ertzaintzak hauteman du % 125 igo direla iruzurren salaketak 2026ko lehenengo hilabetean

Ondarearen edo gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkako iruzurren 126 salaketa erregistratu dira guztira urtarrilean, eta iazko hilabete berean 56 erregistratu ziren.

Ertzaintzak egiaztatu du nabarmen egin duela gora joan den urtarrilean salatutako iruzurren kopuruak, bereziki ondarearen eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkako delituen esparruan, hau da, modalitate “presentzialean”.  

2026ko urtarrilean guztira 126 salaketa erregistratu dira, 2025eko hilabete berean baino % 125 gehiago, hilabete horretan 56 jaso baitziren.

Orokorrean, horrelako iruzurrak gertatzen dira pertsona batek beste bat engainatzen duenean dirua eman diezaion, ordainketa bat egin dezan edo datu pertsonalak edo bankukoak eman ditzan, galera ekonomiko bat eraginez. Kasu horietan, biktimak egoera erreala dela pentsatuz jarduten du, berez iruzur bat denean.

Bildutako datuen arabera, modalitaterik ohikoenak izan dira:

  • “Teilatua/teilatu-hodia garbitzeko” iruzurra: iruzur bidez garbiketa-zerbitzuak eskaintzen dira zorrotenak eta/edo teilatu-hodiak lapurtzeko. 
  • “Langile faltsuaren” iruzurra: eraikineko obrak edo zaharberritze-lanak aprobetxatuz, etxe barruan sartzen dira bertan lanen bat egiteko aitzakiarekin, eta lapurreta egiten dute.
  • “Tomomocho” iruzurra: ustez saritutako loteria-txartelak eskaintzen dira sariaren zenbatekoa baino txikiagoa den diru-kopuru handi baten truke.
  • “Zorrotzailearen” iruzurra: zorrozteko zerbitzuak prezio merkeetan eskaintzen zaizkie enpresei, baina, ondoren, diru-kopuru neurrigabea eskatzen dute egindako lanagatik.  Oro har, estortsio-delitu bat da, enpresetako arduradunek uko egiten baitiote kopuru handi horiek ordaintzeari.

Ertzaintzaren aholkuak

Egoera horren aurrean, Ertzaintzak beharrezkotzat jotzen du herritarrei gogoraraztea komeni dela prebentzio-neurriak hartzea horrelako delitu-ekintzen biktima izateko arriskua murrizten laguntzeko.  Alde horretatik, gomendatzen da ez fidatzea:

  • Irabazi handiko negozioa eskaintzen duten pertsona ezezagunez.
  • Diruaren truke loteria-dezimo sarituak eskaintzen dituzten pertsonez.
  • Desgaitasun psikikoaren plantak eginez, legezko billete asko beste billete batzuengatik aldatzea eskatzen duten pertsonez.
  • Beste herrialde batzuetako laguntzetatik datorren diru tindatuaren truke diru-kopuru bat emateko eskatzen duten pertsonez.
  • Hemen erabiltzen diren legezko billeteen formaz galdetzen duten pertsonez.
  • Modu atseginegian kateak oparitzen dituzten eta zuzenean lepoan jartzen saiatzen diren pertsonez.
  • Bizilagun berriak direla dioten eta, etxean sartzen saiatzeko, komunitatean ur-ihesak daudela jakinarazten duten pertsonez.
  • Energia-hornidurako edo telefoniako konpainien abisurik gabe, zure etxera instalazioak ikuskatzera joaten diren pertsonez.
  • Behar ez diren produktuak saltzen saiatzen diren pertsonez.
  • Ongintzazko arrazoi baterako sinadurak biltzen ari diren itxurak eginez, NANaren datuak hartzeko zure diru-zorroa manipulatzen saiatzen diren pertsonez.
  • Ibilgailuarekin zirkulatzen ari direnean, istripu bat simulatuz, geldiarazten zaituzten eta, irtenbide gisa, aseguruari parterik ez emateko, diru-kopuru bat ordaintzea proposatzen dizuten pertsonez.

Bestalde, salatutako zibererasoen kopuruan % 5,7ko beherakada erregistratu den arren, 2025eko urtarrilarekin alderatuta, kategoria horrek biltzen ditu delitu informatikoen salaketa gehienak, 1.921 kasu guztira.  

Horrelako iruzurretan ez erortzeko, Ertzaintzak gomendatzen du:

  • Ez ematea datu pertsonalik edo bankuko daturik posta elektronikoz, testu-mezuen bidez edo berehalako mezularitzako aplikazioen bidez jasotako estekak erabiliz.
  • Ez fidatzea premiazko jarduera eskatzen duten edo alarma-sentsazioa sortzen duten komunikazioez.
  • Webguneen benetakotasuna egiaztatzea, edozein online erosketa egin aurretik.
  • Ez sartzea esteka susmagarrietan, eta ez jaistea bidaltzaile ezezagunen fitxategi erantsirik.
  • Ahal den guztietan, bi urratseko egiaztapen-sistemak aktibatzea banku-kontuetan eta zerbitzu digitaletan.
  • Pasahitz sendoak erabiltzea, eta aldian-aldian berritzea.

Nolanahi ere, gogorarazten da garrantzitsua dela Ertzaintzari jakinaraztea edozein iruzur-saiakera edo jarduera susmagarri, ikerketa errazteko eta delitu berriei aurrea hartzeko.