Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu Santurtzin eta hirugarren bat ikertu du joan den otsailean pertsona bati buruan lesio larriak eragiteagatik. Biktimari presazko ebakuntza egin behar izan zioten ospitale batean, jasandako lesioen ondorioz.
Erasoa joan den otsailaren 13an gertatu zen Santurtziko Buena Vista auzoan. Biktimak, 63 urteko espaniar gizon batek, emakume bati kargu hartu zion ibilgailuarekin izandako gorabehera txiki batengatik, eta handik ordu batzuetara, lanetik irten eta autora sartzera zihoanean, hainbat pertsona atzetik ustekabean hurbildu zitzaizkion eta jipoitu egin zuten.
Erasotzaileek objektu sendoak erabili zituzten buruan jotzeko. Erasoaren ondorioz, gizonari ebakuntza egin behar izan zioten, eta hainbat egunez ospitaleratuta egon zen, beraz. Gainera, traumatismoen izaera eta jasandako lesioen ondorioak direla eta, biktimak aldizkako sendaketekin eta azterketa diagnostikoekin jarraitu behar du.
Ertzaintzak gertatutakoaren berri izan zuenean, beharrezko ikerketa hasi zuen egileak identifikatzeko, eta ikerketa horri esker, atzo arratsaldean atxilotu ahal izan zituzten bi inplikatu, 27 eta 49 urtekoak eta espainiar nazionalitatekoak. Horrez gainera nazionalitate bereko 26 urteko hirugarren bati eginbideak ireki zizkioten, ikertu gisa, denok lesio larriak eragiteagatik.
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du gertaeran inplikatutako beste bi pertsona identifikatu eta atxilotzeko.