26_0174 Ertzaintzak eta Esquadra Mossoek droga-trafikoan ari zen talde kriminal bat desegin dute

Baterako operazioari esker, Gasteizen eta L’Hospitalet de Llobregaten atxilotu dituzte Euskadin eta Katalunian droga-trafikoan aritzen zen talde kriminal espezializatuaren sei arduradunak. Ikerketan etengabe koordinatuta jardun dute bi polizia-kidegoek, atxilotuek ezarritako kontrazaintza-neurriak gainditu ahal izateko. Arabako hiriburuko drogaren hornidura-puntua desegin dute, bai eta hura biltegiratzeko eta banatzeko erabilitako hiru puntu ere.

Ikerketa 2025eko maiatzean hasi zuten, Ertzaintzak hauteman zuenean Gasteizko hainbat trafikatzaileren hornitzailea Kataluniatik zetorrela. Horrela, Esquadra Mossoekin koordinatzen hasi ziren, informazioa trukatzean, plangintza operatiboan eta dispositiboaren fase guztietan elkarri laguntzean oinarritutako baterako lan sistema bat ezarriz.

Astearte honetan gauzatu zuten azken operatiboa, ustezko mezularia, Katalunian bizi zena, Arabako hiriburura itzuli zenean Gasteizen errotuta zeuden eta euren artean adiskidetasun-harremana zuten bi gizoni kokaina hornitzera. Horietako batek hirugarren gizon bati ematen zion droga, eta honek eskala txikiagoan banatzen zuen eta, batzuetan, bikotekideak laguntzen zion.

Ertzaintzak bost pertsona horiek atxilotu zituen, eta, aldi berean, Esquadra Mossoek hornitzailearen bikotekidea atxilotu zuten L’Hospitalet de Llobregaten.

“Moxolo” izeneko operazioan guztira sei pertsona atxilotu dituzte, Euskadiko eta Kataluniako hainbat udalerri hornitzen zituen talde kriminalean parte-hartze aktiboa zutenak. Guztira, 500 gramo kokaina, zati bat purua eta bestea nahasia, konfiskatu dituzte. Gainera, taldeak Gasteiz inguruan droga biltegiratzeko eta banatzeko erabiltzen zituen hiru puntu desegin ahal izan dituzte, bai eta drogaren hornidura-puntu bat ere. Halaber, 33.000 euro inguru, ibilgailu bat, gailu elektronikoak eta ikerketarako dokumentazio garrantzitsua konfiskatu dituzte.

Sofistikazio kriminalak markatutako ikerketa

Desegin duten talde kriminalak profesionalizazio-maila handia zuen. Ikertuek segurtasun-neurri zorrotzak ezartzen zituzten detektatuak ez izateko, poliziaren lana ikaragarri zailduz. Behatutako jardueren artean daude:

• Kontrazaintza-kontrol etengabeak, batez ere L’Hospitalet de Llobregaten bizi zen hornitzailearen aldetik, ibilbideak, ordutegiak eta elkarguneak aurreikusi ezin zen moduan aldatzen baitzituen, eta Gasteizen bizi ziren hornitzaileen aldetik.

•  Bilera laburrak eta jende asko zegoen lekuetan, behaketa diskretua zailduz.

• Drogaren mugimendu zatikatuak, poliziak esku hartuz gero galerak minimizatzeko.

Neurri horien ondorioz, ikertzaileek baliabide tekniko aurreratuak eta zaintza-ekipo espezializatuak erabili behar izan zituzten eta talde kriminalaren mugimendu bakoitzean jarraipen zorrotza egin behar izan zuten. Agenteen egokitzeko gaitasuna eta unitateen arteko koordinazioa erabakigarriak izan ziren ikerketa aktibo mantentzeko, haren arrakasta arriskuan jarri gabe.

Oinarri operatiboa L’Hospitalet de Llobregaten zuen hornitzaile nagusia izan zen ikerketaren erronka handienetako bat. Narkotrafikoaren arloan zuen esperientzia eta segurtasun pertsonalarekiko obsesioak mugitzeko patroi oso aldakorrak erabiltzera eta inguruan kontrol zorrotzak egitera behartzen baitzuten.

Kasuaren konplexutasunak zaintzan, inteligentzia-analisietan, ikerketa kriminalean, esku-hartze operatiboan eta laguntza teknikoan espezializatutako unitateek parte hartzea eskatu zuten, bai Ertzaintzaren aldetik bai Esquadra Mossoen aldetik.

Ertzaintzak atxilotu dituen bost pertsonak, europar jatorriko 50 urteko hornitzailea, latinoamerikar jatorriko 27, 46 eta 48 urteko hiru gizon eta horietako baten 48 urteko bikotekidea, hori ere latinoamerikar jatorrikoa, gaur jarri dituzte epailearen eskuetan.

Esquadra Mossoek L’Hospitalet de Llobregaten atxilotu duten pertsona, 53 urtekoa eta latinoamerikar jatorrikoa, atzo, osteguna, jarri zuten epailearen eskuetan.